Grimes kanadarra, Bilbao BBK Live jaialdian

Grimes artista kanadarra
BILBAO BBK LIVE
Actualizado: martes, 2 febrero 2016 10:46

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Grimes artista kanadarra Bilbao BBK Live jaialdian izango da, uztailaren 7, 8 eta 9an Kobetamendin, dagoeneko iragarrita dauden Arcade Fire, Pixies, Foals edo Tame Impala moduko taldeekin batera, Last Tour enpresa antolatzaileak jakinarazi duenez.

   Claire Boucher da Grimes, gaur egungo synth-pop estiloaren figura garrantzitsuenetako bat. 26 urte baino ez ditu, baina curriculum luzea: musikagilea, abeslaria, ekoizlea, ikuskizunen zuzendaria, bideo errealizadorea, idazlea eta ilustratzailea izan da. Lehenengo maketa kasete formatuan kaleratu zuen 2008an, eta oso denbora gutxi behar izan zuen Montrealeko underground eszenan ezaguna izateko.

   "Geidi Primes" lehenengo diskoa 2010. urtean iritsi zen, eta, gero, beste lau lan luze eta EP bat atera ditu. "Visions" izeneko hirugarren diskoarekin hasi zen Boucher mundu osoko musika aldizkarietako azalak okupatzen, baita 'The New York Times' egunkariko kritika onak irabazten ere, besteak beste; egunkariak esan zuen "2012. urteko ikusgarriena" izan zela "Visions".

   Artista kanadarrak "Art Angels" (2015) azken diskoa aurkeztuko du Bilbao BBK Live jaialdian. Estetika berezia, erregistro ugari hartzen dituen ahotsa eta synth-pop, art-pop, giro gotikoak, r&b eta elektronikaren konbinazioa sartu ditu lan berriak.