Gripearen aurkako kanpaina abian da

Abian gripearen aurkako kanpaina
OSAKIDETZA
Actualizado: lunes, 23 octubre 2017 10:29

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Gripearen aurkako txertaketa kanpaina martxan da, abenduaren 23 arte. Aurtengo kanpainarako 400.000 txerto daudela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak joan den artean egindako aurkezpenean. Txertoak erosteko 1,2 milioi euro inbertitu dira, eta, beharrezkoa izanez gero, kopurua handitu daiteke.

Txertoa osasun zentro guztietan egongo da eskuragarri astelehen honetatik, 65 urtetik gorakoentzat, gaixotasun kronikoak dituztenentzat -besteak beste, diabetesa, BGBK, kardiopatiak, giltzurruneko gaixotasuna eta abar- eta haurdun dauden emakumeentzat, hala nahi badute.

Osasun Sailaren arabera, txertoa hartzea pertsonen, erakunde arduradunen eta osasun langileen erantzukizun ekintza da. Horrela, iaz, 65 urte gorako pertsonen artean, hamarretik lauk ez zuen txertorik hartu, eta, hori dela eta, aurtengo kanpaina eta mezua adinekoei zuzentzen zaie: "Gripearen aurrean, ez indartsu plantarik egin. Hartu txertoa".

Txertoa hartzeko, 65 urteko edo gehiagoko pertsonek, gaixotasun kronikoa dutenek eta haurdun dauden emakumeek ohiko osasun zentrora osasun txartelarekin joatea besterik ez dute. Hala ere, komeni da aurretik telefonoz deitzea, txertaketa ordutegien berri izateko, eta malguak eta kanpainara egokituak izango diren jakiteko.

Osakidetzak kontingentzia plana dauka jada eta, horren bidez, behar diren baliabideekin eta antolaketarekin aurre egin ahalko die gripearen epidemiari, batetik, eta neguan zentroetan izaten den maiztasunari, bestetik. Helburua paziente guztiei ahalik eta normaltasun gehienez arreta ematea da. Aurreko urteetan bezala, gripearen eta eskuragarri dauden laguntza baliabideen zaintza epidemiologiko zorrotza egingo da.

INFORMAZIOA

Osakidetzako ospitaleetako eta osasun zentroetako fatxadetan eta autobus eta metro geltokietan kanpainaren informazio olanak jarri dira. Informazioa prentsa idatzian eta digitalean, telebistan, irrati iragarkietan eta Osasun Sailaren web orrialdeetan ere agertzen da.

Gainera, aurten, lehenengoz, euskal gizarte osora heltzen saiatuko da, eta ez bakarrik arrisku taldeetara. Horrela, kalean milaka liburuxka banatuko dira, gripearen aurrean babesteko eta pertsona ororentzat, arrisku taldekoak izan ala ez izan, interesekoak diren neurri higienikoei buruzko informazio errazarekin eta oinarrizkoarekin. Mezu horiek irrati, egunkari, osasun zentro eta anbulatorioetan, Osakidetzaren web orrian eta Osasun Sailarenean eta beste hainbat tokitan ere errepikatuko dira.

Horrela, gizarte osoari gogoraraziko zaio garrantzitsua dela prebentzio neurri gisa: erabiltzeko eta botatzeko paperezko zapiak erabiltzea, eztula edo doministiku egitean, ahoa edo sudurra besoarekin estaltzea, eta eskuak urarekin eta xaboiarekin sarri garbitzea.

Gainera, Osasun Sailak eta Osakidetzak eskuragarri dituzten baliabideak jarriko dituzte erabilgarri, gripearen aurkako txertaketa kanpainan parte hartzeak duen garrantziaz informatzeko eta kontzientziatzeko. Horrela, profesionalen osasun batzordea indartuko da lehen mailako arretan eta ospitale eremuan, txertoa hartu nahi duenak erraz eta modu eskuragarrian egiteko bide emango da, eta telefonoz, gutunez eta Beti On laguntza zerbitzuaren bidez jakinarazi eta gogoraraziko da txertoa hartzeko beharra.

Halaber, gripearen aurkako txertaketari buruzko mezuak sartuko dira osasun zentro eta anbulatorioetara egiten diren telefono deien itxarote moduetan, kanpainaren irudia eta mezua sartuko dira alta txostenetan, hitzordu dokumentuetan, mezu elektronikoen oin oharretan eta zentroetan dauden informazio monitoreetan, eta arreta berezia eskainiko zaie haurdun dauden emakumeei.