Gripearen eragin tasa 100.000 biztanleko 346 kasura jaitsi da EAEn

Gripea beherabidean EAEn
FLICKR/WILLIAM BRAWLEY
Actualizado: jueves, 18 febrero 2016 12:41

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Gripearen jarduera beherabidean hasi da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta, aldaketarik gabeko eta kasu kopuru egonkorreko bi asteren ondoren, 100.000 biztanleko 346,3 kasura arte jaitsi da eragin tasa 2015eko seigarren astean.

   Mediku Jagoleen Sareak eskainitako datuen arabera, 0 eta 4 urte arteko adingabeen artean ere islatu da beherakada hori, nabarmen islatu ere; izan ere, horien artean biziagoa da gripearen jarduera, birusak zirkulazio handia dela medio. Adin talde horretan, 100.000 biztanleko 1.494 kasuraino jaitsi da eragin tasa, aurreko asteko 2.151,8 kasuko tasaren aldean.

   Era berean, eta bigarren astez jarraian, behera egin dute gripearen sindromeagatiko kontsultak Osakidetzaren lehen mailako arretan, bilakaera desberdina izan den arren lurralde historiko bakoitzean. Lehen mailako arreta sarean, guztira, 5.500 kontsulta egin dira.

   Horrenbestez, azken asteotako joerari eta erregistratutako beherakadari erreparatuz gero, gripearen jarduerak beherabidea hasi da, iazko aldian behatutako eragin tasetara iritsi gabe gainera (500 kasu baino gehiago 100.000 biztanleko). Egindako azterketa mikrobiologikoek baieztatu dute A motako birusaren isolamenduak direla oraindik ere nagusi.