Gripearen eragina areagotu egin da aste honetan EAEn eta epidemiara iristeko atalase-maila zertxobait gainditu du

Gripearen eragina areagotu egin da EAEn
Europa Press
Actualizado: miércoles, 23 enero 2013 12:55

BILBO, 23 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gripe kasuak areagotu egin dira 2013. urteko hirugarren astean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 75,84 kasu izanik 100.000 biztanleko, eta eragin-tasak denboraldi honetan epidemiara iristeko atalase-maila (74,51 kasu) zertxobait gainditu du, Osakidetzak emandako datuen arabera.

Urteko lehen asteetan gripe kasuek gora egitea aurreikusita egoten da, behin hotza iritsita eta Gabonetako oporren ondoren haurrak eskolara itzultzerekin batera, birusak eta kutsatzeko aukerak errazago zabaltzen baitira.

Iaz gertatutakoarekin alderatuta, gripearen bilakaera antzeko mailetan dago, eta hurrengo asteetan kasuak areagotuko direla aurreikusten da. Joan den denboraldian mailarik altuena urteko zazpigarren astean eman zen: 328,21 kasu 100.000 biztanleko.

Euskadiko ospitaletan ez da, oraingoz, neurri berezirik martxan jarri eta ohiko jardunarekin jarraitzen dute. Nolanahi ere, epidemiaren arabera neurriak hartzea beharrezkoa balitz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak badute horretarako jardun-protokoloa.

GOMENDIOAK

Gripea gaixotasun oso kutsakorra da eta oso erraz zabaltzen da. Gripearen inkubazio-aldia bat eta bost egun artekoa da eta kutsagarritasuna hiru eta zazpi egun artekoa. Sintoma ohikoenak sukar altua, buruko mina, eztarriko mina, giharretako mina, eztula izaten dira, eta 5-8 egun irauten dute.

Koadro onbera izaten du normalean, eta arazorik gabe konpontzen da. Kasu gehienetan, beraz, gaixoak etxean sendatzen dira, behar izanez gero medikuek jarraipena eginda, baina ospitaleratu gabe. Hala ere, arrisku-taldeetan konplikazioak egon daitezke, hala nola, pertsona nagusien, gaixo kronikoen eta haurdun dauden emakumeen kasuetan. Horrelakoetan, ezinbestekoa da prebentzioa, eta txertoa jartzea da, gaur-gaurkoz, prebentzio-neurririk eraginkorrena.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogoratu dute gripea gaixotasun birikoa dela. Hortaz, konplikaziorik ez dagoen bitartean, antibiotikoak ez dira gomendatzen. Behin gaixotuz gero, etxean gelditzea eta atseden hartzea gomendatzen da, ondo hidratatzea, likido ugari hartzea eta sukarrarentzat antitermikoak hartzea.