Gripearen eragina egonkortu egin da Euskadin

Gripea behera EAEn
Foto: Europa Press
Actualizado: miércoles, 15 enero 2014 14:48

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Gripearen eragina egonkortu egin da Euskal Autonomia Erkidegoan. Horrela, urteko bigarren astean 100.000 biztanleko 243,46 gripe kasu izan dira, aurreko astean baino gutxixeago, orduan 100.000 biztanleko 255,63 kasukoa baitzen tasa. 0-4, 5-14 eta 15-24 urteko adin tarteetan tasak murriztu egin dira.

   Urteko garai honetan ohikoa denez, oraindik ere gripe kasuak izaten ari dira, baina beste denboraldi batzuetan erregistratutako kopuru handienak baino neurri txikiagoan. Jasotako datuek adierazten dutenez, aurreko asteko kasu kopurua urteko lehen egunetakoa baino txikiagoa izan da; hain zuzen ere, 243,46 kasu 100.000 biztanlekoa izan da tasa.

   Tasen beherakada hori orain arte gripearen eraginpean egon diren adin taldeetan ere nabaritu da, hau da, 0-4 eta 5-14 urtekoen artean.  Era berean, 15-25 urtekoen taldeari dagokion tasan ere beherakada bat izan da; aitzitik, helduagoen artean igo egin da.

   Mediku Jagoleen Sareak emandako datuen arabera, egindako analisi mikrobiologikoek birusa A motakoa dela baieztatu dute laginen %83n, eta andui hori aurtengo txertoan sartuta dago. Mediku Jagoleen Sarea urtero jartzen da martxan, urtaroko gripearen inguruko zaintza egiteko, eta Osakidetzako hiru lurraldeetako lehen mailako arretako zentroetan banatuta dauden medikuntza orokorreko 38 sendagilek eta 11 pediatrek osatzen dute.

   Gaixotasun biriko honek -herritar osasuntsuentzat onbera- ez dauka berariazko tratamendu medikorik. Sintomak arintzeko, atseden hartu, likido asko edan eta, sukarra izanez gero, parazetamola edo beste edozein antitermiko hartu beharra dago. Inoiz ez da antibiotikoen bitartez tratatu behar, oso kasu jakinetan bakarrik, betiere medikuaren aginduz.

   Kutsadura prebenitzeko, oso garrantzitsua da ondoko neurriak hartzea: eskuak maiz garbitzea, eztula edo doministiku egitean ahoa eskuarekin estaltzea eta erabili ondoren botatzeko paperezko musuzapiak erabiltzea.

   Beste urteetan garai honetan gertatzen den bezala, Osakidetzak ospitale azpiegitura osoa gripe kasuetan arreta emateko eta gripearen ondoriozko konplikazioak dituzten pertsonak ospitaleratzeko prest jarri du.

LEHEN MAILAKO ARRETA

   Lehen mailako arretako zentroen sarean, gripe sindromea dela eta artatutako kontsultak 3.927 izan ziren hau da, aurreko astean baino %67 gehiago. Lurraldeka, Bizkaikoa izan da tasa handiena (194,95 kasu 100.000 biztanleko), ondoren Gipuzkoakoa (174,85 kasu) eta, txikiena, Arabakoa (144,95 kasu 100.000 biztanleko).

   Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gomendatu dute gripearen ondorioz osasun arreta behar izanez gero, familiako medikuarenera jo eta haren aginduak jarraitu behar dira.