Gripearen eraginak jaisten darrai EAEn eta dagoeneko 100.000 biztanleko 123 kasutan dago

Gripeak beherantz jarraitzen du EAEn
Foto: FARMACÉUTICOS/EP
Actualizado: jueves, 13 febrero 2014 10:55

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Gripe kasuen kopurua jaitsi egin da Euskadin aste honetan ere, eta murrizketa "nabarmena" izan da gainera, 100.000 biztanleko 123 kasu izanik, aurreko astean 228 kasu izan ziren bitartean. Hirugarren astez jarraian jaitsi da gripearen eragina, eta zehazki, orain hiru aste izan zuen kasu kopuru gehien: 100.000 biztanleko 340 kasu.

   Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, jaitsiera nabarmen horrek, ondorioz, lehen mailako arretan gripearen sindromeagatik artaturiko pertsona kopurua jaistea ere eragin du.  Zehazkiago, guztira 2.669 kontsulta izan dira, aurreko zazpi egunetan baino %25 gutxiago.

   Gainera, jaitsiera hori Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurraldeetan gertatu da, eta guztietan ere tasa antzekoarekin: Gipuzkoan 132 kasu 100.000 biztanleko, Araban 121 eta Bizkaian 117.

   EAEko Mediku Jagoleen Sareak astero egiten du sasoiko gripearen eraginaren zaintza, eta, sareko iturriek jakinarazi dutenez, joera horrek beherantz jarraituko du datozen asteetan ere. Horrela, gripearen eragina 76 kasutik beherakoa izatea (urte sasoi honetako atalase epidemikoa) espero dute.

   Aurtengo sasoian dabiltzan birusei dagokienez, egin diren analisiek erakusten dute A motakoak direla, aurtengo txertoetan erabili direnen antzera, hain zuzen.