Guadalquivir ibaian hasiko da aurten TKE Liga

Guadalquivir ibaia, Sevillan
IREKIA
Actualizado: viernes, 4 marzo 2016 12:51

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak -Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez- eta Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) sustatzen duten Euskadi-Basque Country Bandera Sevillan jokatuko da aurten, Guadalquivir ibaian, ekainaren 19an, TKE Ligari hasiera emanez eta "Euskadiko turismorako lehenetsitako merkatuetarako sustapen ekintza gisa", Basquetourreko arduradunek nabarmendu dutenez.

   Horrela, Guadalquivirreko urak aukeratu dituzte aurten Andaluzian Euskadi helmuga turistiko gisa indartzen jarraitzeko, "euskal tradizioari eta kulturari, basque style delakoari, lotutako kirol baten edertasuna dutela medio".

   Iaz Malagan izandako arrakasta handia bildu, eta aurten ere CaixaBank Koroa irabazteko lehia abiaraziko du estropadak. Horrenbestez, Sevillako uretara joango dira Kantauriko 12 traineru onenak, 2015ean Hondarribiko Ama Guadalupekoak eta aurreko urteetan Urdaibai Aviak eta Orio Babyautok irabazitako bandera eskuratzeko norgehiagokara.

   "Euskadiko turismorako erreferente nagusietakoa da oraindik ere Estatuko merkatua, nahiz eta azken urteetan krisialdiak kaltetu egin duen. Orain suspertzen hasi dela, Eusko Jaurlaritzak susperraldi hori indartu nahi du", azaldu dute.

   Horretarako, sustapen jarduerak garatuko ditu hala Bartzelonan nola Madrilen, azoka espezifikoekin; izan ere, lehenengo eta bigarren erkidegoak dira bisitari kopuruari dagokionez.

   Halaber, gaur egun, Andaluziatik etorritako bidaiarien hazkunde nabarmena dela eta, Euskadi-Basque Country Banderaren moduko sustapen ekintza garrantzitsua Andaluzian egiteko jarraitzeko unea dela jo du Eusko Jaurlaritzak.

   Andaluzia estatuko laugarren merkatua da, Euskadira sartzen diren turisten %7 hartuta, euskaldunen barne turismoaren atzetik (%23tik gora), bai eta Madrilgo (%20) eta Kataluniako (%14) bisitarien atzetik ere. Nazioarteko merkatuak ere aintzat hartuz, Andaluzia bosgarren da bisitari kopuruan. 2015ean izandako bisitari guztiak hartuta -hiru milioitik gora-, Frantzia laugarren postuan dago eta Andaluzia bosgarrenean.