Guggenheim Bilbao Museoak 1.169.404 bisitari izan ditu 2016an

Guggenheim
EUROPA PRESS
Actualizado: lunes, 2 enero 2017 14:33

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Guggenheim Bilbao Museoak jakinarazi du "arrakastaz betetako urtea" izan dela bukatu berri den 2016a eta, esate baterako, 1.169.404 bisitari jaso ditu, zortzigarren aldiz gaindituz milioi bateko kopurua, eta horrela, bere ibilbideko lehen urtean (1998an) baino ez ziren izan lagun gehiago.

Museoko arduradunek jakinarazi dutenez, bisitari kopuru handiaz gain, hainbat sari jaso zituen. Martxoan, 'Condé Nast Traveller' aldizkariak nazioarteko 15 arte erakundeen zerrenda egin eta "Munduko museorik politena" izendatu zuen, zerrendako lehena; irailean, Espainiako Estatuko museorik gardenena zela ziurtatu zuen Fundación Compromiso y Transparencia erakundeak.

Esan bezala, 1.169.404 pertsona hurbildu dira museora amaitu berri den urtean, 2015ean baino %6 gehiago (66.193 gehiago). Bisitarien jatorri geografikoari dagokionez, atzerritarren kopurua handia izan zen (%66 guztira) eta jatorrien araberako ehunekoak beste urte batzuen antzekoak izan ziren; gehienak Frantziatik (%18), Erresuma Batutik (%7), Alemaniatik (%6), AEBtik (%6) eta Italiatik (%4) etorritakoako izan dira. EAEko bisitarien kopurua %11 izan zen, eta Espainiako Estatukoena %23.

Pertsona gehien erakarri zituen aldeetako bat museoaren arte programazioa izan dela nabarmendu dute bere arduradunek. Bisitari gehien izandako aldi baterako erakusketak udaberri eta udakoak izan ziren: "Andy Warhol: Itzalak" 820.619 pertsonak ikusi zuten martxoa eta urriaren hasiera bitartean eta "Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak" 679.532 lagun erakarri zituen martxoa eta irailaren hasiera bitartean. Hirugarren lekuan "Francis Bacon: Picassotik Velázquezera" dago, 282.283 bisitarirekin urritik abendura bitartean, erakusketa ixteko zazpi egun falta direla (urtarrilaren 8an itxiko da).

Atal digitalari dagokionez, www.guggenheim-bilbao.eus webgunean 2.294.120 bisitaldi izan dira 2016an (2015ean baino %28 gehiago), eta 8.605.734 orrialde bistaratu dira (2015ean baino %20 gehiago). Museoaren sare sozialen komunitatea eta eragina ere handitzen segitu du; 2016an 247.380 jarraitzaile izan ziren Facebook-en, 303.413 Twitter-en eta 121.000 Instagram-en.

HEZKUNTZA

Hezkuntza egitarauei dagokienez, parte hartzaileen kopuruak gora egin du 2016an Bilboko museoak eskaintzen dituen askotariko jarduera motatan: museoan bertan nahiz on line egiteko ekimenak (317.492 pertsona), entzuteko gidak (ia 600.000 erabiltzaile) eta 1.000.000 bisitari baino gehiagok ikusi duten arte programazioaren osagarri diren gune didaktikoak.

Iazko berritasunen artean aipatzekoak dira iTunes U plataforman eskuragarri jarritako Guggenheim Bilbao Bildumaren inguruko 20 ikastaro euskaraz eta 20 gaztelaniaz; unitate didaktiko interaktibo horiek Apple Distinguished Educators ekimeneko Apple inguruko hezitzaileekin batera sortutakoak dira.

Era berean, nabarmentzekoa da gaitz psikiatrikoak dituzten haur zein nerabeei arreta ematen dien Ortuellako eguneko zentro bateko tailerrek izandako arrakasta eta horren harira buru osasunerako guztizko terapia eskaintzen duen Asociación Hogar Izarra komunitatean ere antzeko ekimena abian jarri izana. Azkenik, XX. urteurrena dela eta, TopArte egitaraua martxan jarri da (2017an segituko du) eta jadanik inguruko dozena bat erakundek eta kultur eragilek esku hartu dute.

Bestalde, enpresen parte hartzea Guggenheim Bilbao Museoan 120 Kide Korporatiboren bidez gauzatu da 2016an (2015ean baino zazpi gehiago), eta erakundearen finantzaketaren oinarrietako izaten jarraitzen dute.

Museoaren Lagunen programan urte amaieran 16.350 lagun ziren; "beste urte batzuetako antzeko kopurua da eta aditzera ematen du hurbilekoek museoa babesten dutela", nabarmendu dute. Erdu egitasmoari dagokionez -langabezian daudenei doako sarbidea eskaintzen zaie-, 2.346 onuradun izan dira 2016an.

ERAGIN EKONOMIKOA

Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoaren jardunak 2016. urtean bere inguruan izandako eragin ekonomikoaren azterketak "iazkoak baino emaitza nabarmen hobeak" islatzen ditu. Horrela, 485,3 milioi euroko guztizko eskaria sortu zuen Euskadin, eta 424,6 milioi eurotan aberastu zuen Barne Produktu Gordina.

Halaber, 65,8 milioi euroko diru sarrera gehigarriak izan zituzten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) foru ogasunek jarduera ekonomiko horren eraginez, eta museoaren jardunak 9.086 lanpostu gordetzen lagundu zuen.

Bestalde, beste urte batez, 2016an ere buru izan zen Guggenheim Bilbao Museoa autofinantzazioaren arloan Europako kultur erakundeen artean, eta %68 ingurukoa izan zen. Halaber, orain gutxi Bikain ziurtagiria lortu du, euskara erabili eta kudeatzen duela bermatzen duena. Txostenean Museoak arte garaikide gaietan euskarazko corpus zabala sortzeko egindako ahalegina azpimarratu da.