Guggenheim Bilbao Museoak 317.775 bisitari izan ditu uda honetan

Actualizado: martes, 1 septiembre 2015 13:04

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

   Guggenheim Bilbao Museoak inoiz baino bisitari kopuru handiagoa izan du 2015eko udan, uztailean eta abuztuan 317.775 pertsonak ikusi baitituzte bere erakusketak, hau da, 2014ko udan baino 37.688 gehiagok. Uztaila izan da hilabeterik onena, 144.639 bisitarirekin, eta abuztua museoaren historiako onenen artean bigarrena izan da, 173.136 bisitarirekin, museo bilbotarrak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   Udako bisitariak hainbat lekutakoak izan dira. Guztien %69 Espainiako Estatutik kanpokoak izan dira, eta aipagarriak frantsesak (guztien %17), Erresuma Batukoak (%8), eta Alemania, Herbehere eta Italiakoak (%7 bakoitza) izan dira.

   Bisitari gehien izan den eguna abuztuaren 4a izan da, 7.816 bisitarirekin, eta uztailean eta abuztuan eguneko batez bestekoa 5.125 bisitarikoa izan da.

   Modu honetan, orotara, aurten, abuztuaren 31ra arte, 757.595 bisitari izan dira Guggenheim Bilbao Museoan, hau da, 2014an data horretan baino %8 gehiago eta 2013an baino %17 gehiago.

   Museoko arduradunen arabera, gaur egungo bi artista gailenen erakusketek bisitari asko erakarri dituzte, eta irailean ere aukera hori egongo da, "Jeff Koons: atzera begirakoa (irailaren 27ra arte), "Jean-Michel Basquiat: Bada garaia" (azaroaren 1era arte) eta "Shazia Sikander: Parallax" ikus-entzunezko lana ikusgai izango baitira.