Guggenheim Bilbao Museoak 956.417 bisitari izan zituen 2010ean, aurreko urtean baino ia %6 gehiago

Guggenheim Bilbao Museoa
EP
Actualizado: lunes, 3 enero 2011 19:02

BILBO, 3 Ene. (EUROPA PRESS) -

Guggenheim Bilbao Museoak 956.417 bisitari erakarri zituen 2010. urtean, hau da, 2009an baino ia %6 gehiago. Horrela, gainditu egin da aurreikusitako bisitarien kopurua egungo egoera ekonomiko zailean, eta horregatik, "emaitza oso onak" direla nabarmendu dute museo bilbotarreko arduradunek.

Bisitarien jatorriari dagokienez, 2010ean bi puntu egin du gora atzerritarren kopuruak, eta guztien %62 izan ziren, besteak beste, Frantziatik, Erresuma Batutik eta AEBtik hurbildu zirenak. Espainiako bisitariak %25 eta Euskal Autonomia Erkidegokoak (EAE) %13 izan ziren, aurreko urteetako kopuru berdintsua.

Halaber, Holandako eta Flandeseko Urrezko Aroko pinturari eskainitako erakusketa dela eta, toki horietako bisitari gehiago izan dira 2010eko azken hiruhilekoan, hain zuzen, aurreko ekitaldian baino %11,4 gehiago, hau da, guztien %26,7.

Bestalde, www.guggenheim-bilbao.es webgunean 1.091.253 bisitaldi izan ziren 2010ean, eta 4.809.620 orrialde begiratu ziren, 2009an baino %14 eta %1,3 gehiago, hurrenez hurren.

Hezkuntza-egitarauei dagokienez -Guggenheim Bilbao Museoak askotariko parte-hartzaileentzat antolatzen ditu, hala nola, irakasleentzat, haurrentzat, familientzat, gazteentzat, Lagunentzat,

baztertzeko arriskuan daudenentzat-, 724.506 pertsonak esku hartu zuen 2010eko jardueraren batean, alegia, 2009an baino %26,7 gehiago. Gehiagok parte hartu zuen, museoak 2010ean sareko baliabideak eskaini baizituen eta "Zero Espazioa" bisitaria orientatzeko gela ireki baitzuen.

Kide Korporatiboen Programari dagokionez, egun 126 enpresa eta erakunde daude horretan; hartara, gaur egungo egoera ekonomiko okerrak gehien kaltetu duen taldeetako bat da, eta, batez ere, beheko kategoriei eragin die. Nolanahi ere, Banakako Kideen programan izen-emateek gora egin zuten nabarmen: 2010ean 16.600 Lagun ziren, 2009an baino 500 bat gehiago; izan ere, etengabe gora egin du haien kopuruak museoa ireki zenetik.

ERAGINA EKONOMIAN

Bestalde, Guggenheim Bilbao Museoaren jarduerek 2010. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomian izan zuen eragina aztertu da. Horrela,

212.925.617 euroko guztizko gastu zuzena izan zen, hots, bisitari bakoitzak 223,97 euroko batez besteko gastua egin zuen EAEn 2010ean museoaren jardunaren ondorioz.

Halaber, 193.228.895 eurotan aberastu zen EAEko BPG 2010ean museoaren jardunaren ondorioz, eta 26.315.843 euroko sarrera gehigarriak izan zituzten Euskal Ogasun Publikoek jarduera

ekonomiko horren eraginez. Gainera, 3.853 lanpostu gordetzen lagundu zuen jarduera ekonomiko horrek.

Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoa buru da Europan kultura-erakundeen artean autofinantzaketa mailari dagokionez: 2010ean %67koa izan zen, hots, gastatu ziren hiru eurotik bi museoak berak sortu

zituen.