Guggenheim Bilbao Museoak "Andy Warhol: Itzalak" erakusketa irekiko du ostiralean

Warholen "Itzalak"
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   Guggenheim Bilbao Museoak "Andy Warhol: Itzalak" erakusketa zabalduko du ostiral honetan, otsailaren 26an, eta urriaren 2ra bitartean ikusgai izango du. Formatu handiko 102 serigrafia taulek osatzen duten artelan erraldoia da "Itzalak" (Shadows, 1977-78), eta Warholek egindako abstrakzioari buruzko miaketa batzuk adierazten ditu. Horretarako, artistak bere paleta berezia baliatu zuen, bere obraren zati handi batean ezagun egin zen tonu distiratsu eta alaietakoa.

   Lucia Agirre komisarioa da Guggenheim Bilbao Museoak ikusgai jarriko duen "Andy Warhol: Itzalak" erakusketaren arduraduna. Erakusketa Dia Art Foundation fundazioak antolatu du, Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak eta Lucia Agirre komisarioak prentsaurrekoan adierazi dutenez.

   Andy Warhol pop artearen ikono lotsagabe eta garaiko kronikagileak artelan itzel bati ekin zion 50 urte zituela, "Itzalak" (Shadows) deitutakoa, Factory ospetsuko kideen laguntzarekin.

   "Itzalak" saileko taulak serigrafiak dira. Artelanak dakarren erradikaltasuna ulertzeko, beharrezkoa da ohartzea, lehenik eta behin, zati askotan banatutako pintura bakarra izateko sortu zela, eta haren behin betiko kopurua instalaziorako erabiliko den espazioaren neurrien baitan dagoela.

   Mihiseak pintura akrilikoz estali zituzten irudia inprimatu baino lehen, eta Warholen ohiko tonu distiratsu eta alaiak erakusten dituzte. "Itzalak" serieko inprimaketa positibo eta negatiboak txandaka agertzen dira aretoko hormetan. Itxuraz errepikakorra izan arren, Warholen metodo "mekanikoa" erabat eskuzkoa da.