Guns N' Roses taldearen Bilboko kontzerturako 125 sarreren zozketa martxoaren 21ean egingo du Bizkaiko Aldundiak

Guns N' Roses
FACEBOOK GUNS N' ROSES
Actualizado: martes, 7 febrero 2017 14:22

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak onartu ditu Guns N' Roses taldeak maiatzaren 30ean San Mamesen eskainiko duen kontzerturako 125 sarreren zozketaren oinarriak. Notario aurrean egingo da zozketa, martxoaren 21ean, eta parte hartzeko izena eman beharko da, otsailaren 21eko 09:00etatik martxoaren 14ko 14:00etara bitartean.

Izena emateko web formulario bat bete beharko da www.bizkaia.eus webgunean. Bertan, interesdunek izena, bi abizen, posta elektronikoko helbide bat, bizi diren udalerriaren posta kodea eta NAN edo AIZen zenbakia adierazi beharko dituzte.

Bizkaian bizi diren pertsona guztiek parte har dezakete zozketan, baldin eta posta elektronikoko helbidea badute eta ondo betetzen badute zozketan parte hartzeko web formularioa. Formularioa betetzeak notario aurrean egingo den zozketa horretarako zenbaki bat emango du, eta pertsona fisiko bakoitzak behin bakarrik eman dezake izena, hots, pertsona bakoitzak zenbaki bakarra izan dezake zozketan parte hartzeko.

Zozketa ordenagailuz egingo da, eta emaitzen berri on line emango da www.bizkaia.eus web-orrian. Ordenagailuan zozketako zenbakien zerrenda sartuko da, eta, zozketan zehar, zerrenda ausaz berrantolatuko duen botoi bat sakatuko da, ausaz sortutako zerrendako lehen 61 zenbakiei sarrerak esleitzeko.

Sarreren banaketari dagokionez, aukeratutako lehen zenbakitik haren osteko 37. zenbakira artekoei pistako sarrera bi emango zaizkie; 38.ak harmailetako hiru sarrera jasoko ditu; 39. eta 60. zenbakien artekoek harmailetako bi sarrera irabaziko dituzte; 61. postuko zenbakia duenak harmailetako hiru sarrera jasoko ditu. Saririk lortu ez duten zenbakiek ordezkoen zerrenda osatuko dute, zozketan ezarritako hurrenkeraren arabera. Zerrenda osoa aldundiaren webgunean egongo da ikusgai.

Sarreren esleipena ere www.bizkaia.eus webgunean argitaratuko da eta izena ematerakoan jarritako helbide elektronikoaren bidez jakinaraziko da; datuak telefonoz egiaztatuko dira.

Sarrerak jasotzeko eguna posta elektronikoko helbide bera erabiliz jakinaraziko da, eta, datuak egiaztatzeko, aldundiaren egoitzara joan beharra egongo da (Kale Nagusia, 25, Bilbo), zozketan irabazle atera den pertsonaren jatorrizko NANarekin edo AIZrekin.