Gurutzetan eta Donostian bilduko da 14 urtetik beherakoentzako arreta onkologikoa

Haurrentzako jarduerak izan dira Gurutzetan
OSAKIDETZA
Actualizado: lunes, 15 febrero 2016 12:49

   BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki du 14 urtetik beherako haurrentzako arreta onkologikoa Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean eta Donostia Unibertsitate Ospitalean biltzea, adingabeei eta haien familiartekoei eskaintzen zaien zerbitzuaren espezializazioa eta kalitatea areagotzeko asmoz.

   Horrela bada, Minbizidun Haurren Nazioarteko Eguna dela eta, Osasun Sailak iragarri du Gurutzeta eta Donostia izango direla erreferentziako bi ospitaleak. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak (Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIn integratua) Bizkaiko eta Arabako herritarrei eskainiko die zerbitzua, eta Donostia Unibertsitate Ospitalea (Donostialdeako ESIn integratua dagoena), ordea, Gipuzkoako erreferentzia zentroa izango da.

   Haurren zainketa aringarriei dagokienez, eta berrantolaketa honen baitan, minbizi kasu bat izan edo bestelako patologia kasua bat izan, Osakidetzak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko etxeko ospitalizazio pediatrikoaren zerbitzua izendatu du erreferentziako zentro, gainerako unibertsitate ospitaleetako (Araba, Basurtu eta Donostia) etxeko ospitalizazio zerbitzuetarako; izan ere, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean espezializazio bat dago haurrentzako eta nerabeentzako zainketa aringarrietan, pazienteei eta familiei babesa emateko gaixotasunaren fase guztietan.

   Tumoreak dira haurren hirugarren heriotza kausa (0-14 urte) eta adin talde horren heriotza tasaren %13 da. Haurren minbizia ohikoagoa da lehenengo bizi urteetan eta tumorerik ohikoenak entzefalokoak edo garunekoak dira, leuzemiak eta gongoil linfatikoak. Gaur egun, biziraupena %75-80 bitartekoa da, tumore motaren arabera.

MINBIZIDUN HAURREN NAZIOARTEKO EGUNA

   Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak bat egin du astelehen honetan ospatzen den Minbizidun Haurren Nazioarteko Egunarekin eta hainbat ekitaldi antolatu ditu gaixotasuna bistaratzeko. Aspanovas eta La Cuadrilla del Hospi elkarteek informazio mahaiak paratu dituzte ospitalearen sarreran, gaixotasunari buruzko informazioa emateko eta haur minbizidunei babesa adierazteko. Pazienteen solairuan, La Princesa Calva kolektiboko kideek pazienteak bisitatu dituzte, ospitalea ilusioz betetzeko.

   Halaber, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, arreta jarduera eraginkorragoa izateko ahaleginaz gain, hainbat prestazio eskaintzen ditu aspaldi, tartean, tratua eta espazioak gizatiarragoak izatea, pazientea ahalduntzea eta haurren zein familien alderdi psikosozialak lantzea.

   Hala, ospitale bizkaitarraren elementu estrategikoetarik bat da pediatria gizatiartzea, eta, horretarako, dagoeneko bizikidetza espazio berriak atondu ditu Haurren Onkologian, elkarteekin lankidetzan jarduteko ikuspegi berritzailearen emaitza dena; esaterako, Irrikiclown elkartearekin egiten du lan, haurrak logeletan dibertitzeko.

   Aladina Fundazioak, berriz, babes psikoemozionala eskaintzen die paziente onkologikoei eta horien senideei, psiko-onkologa baten bitartez, eta ospitaleak eta fundazioak sinatutako hitzarmen bati esker. A3Media Fundazioaren "Poción de Héroes" kanpainako protagonisten egitekoa adin txikikoei kimioterapia prozesuan laguntzea da, "superbotereak haurren esku utziz".

   Pablo Ugarte elkarteak onkologiako eguneko ospitalea margotu du indarraren eta ilusioaren kolorez eta Pequeño Deseoren helburua gaixotasun onkologikoa duten haurren ametsak betearaztea da. Horrelako lankidetza eta jarduera gehiago egingo dira etorkizunean ere.