Hamar ikasletatik zortzi D ereduan matrikulatzen da Donostian

D eredua nagusi Donostian haur hezkuntzan
Europa Press
Actualizado: martes, 29 enero 2013 12:02

DONOSTIA, 29 Ene. (EUROPA PRESS) -

Donostian seme-alabak eskolaren batean lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoek D ereduaren aldeko hautua egiten dute, hamar ikasletatik zortzi euskara hutsezko ereduan matrikulatu baita 2012-2013 ikasturtean, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak jakinarazi duenez.

Horrela, haur hezkuntzaren hasieran gurasoek D ereduaren aldeko hautua egin dutela nabarmendu du, eredu horrek bermatzen baitu "elebitasunik orekatuena" Donostian.

Nerea Txapartegi Donostiako udaleko Kultura eta Euskarako zinegotziak adierazi duenez, haurrak elebidunak izan daitezen "aukera onena eta praktikoena" euskarazko ereduan ikasten aritzea da. "Donostiaren egoera soziolinguistikoa kontuan harturik, egin diren ikerketek eta orain arteko esperientziak erakutsi digute D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena, esan du.

Donostiako Euskara Zerbitzuak mezu hori helarazi die gutun baten bitartez aurten lehen aldiz beren seme-alabak matrikulatuko dituzten 1.800 gurasoei. Gutunarekin batera, neurgailu erakargarri bat banatu da aipatu 1.800 familietako haurrei. Matrikulazio epea otsailaren 8ra arte zabalik egongo da.

Gero eta guraso gehiagok hartzen du D ereduaren aldeko erabakia haur hezkuntzaren hasieran (2-3 urte). Donostian hiru urteko haurrentzat eskaintza egiten duten 18 ikastetxe publiko eta 26 ikastetxe pribatuetan D ereduaren aldeko bilakaera etengabea da eta hori agerian geratzen da azken urteetako datuei erreparatuz gero.

Horrela, 1990-1991 ikasturtean %34 baziren D ereduan matrkulatutako ikasleak, 2012-2013 ikasturtean %79,9 izan dira. Datuok agerian uzten du gurasoek Donostian D ereduaren alde egiten dutela eta beren seme-alabek hizkuntza bat baino gehiago jakitea nahi dutela.

Donostiako Udaleko Euskara ordezkariaren esanetan, "haur baten lehen urteak oso garrantzitsuak dira hizkuntza bereganatzeko, zenbat eta hizkuntza gehiago ikasi eta erabili, orduan eta hobeto garatuko ditu beste zenbait gaitasun, eta, kultur aniztasun handiagoaz gozatzeko aukerarekin batera, lan etorkizun zabalagoa izango du".