"Handia" filmak inauguratuko du Different! zinemaldia asteazkenean, Parisen

Filmaren eszena bat
ETXEPARE INSTITUTUA
Actualizado: lunes, 18 junio 2018 17:38

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Different! L'autre cinéma espagnol zinema jaialdiaren hamaikagarren edizioa hasiko da asteazkenean, ekainaren 20an, eta Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzenduriko "Handia" filma ikusi ahal izango da inaugurazio egunean. Zinemaldiak ekainaren 26ra arte iraungo du.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, jaialdiaren lehen egunean filma proiektatzeaz gain, antolatzaileek bi zuzendariak gonbidatu dituzte filma aurkeztera, Xabi Barzosa ekoizlearekin batera.

Ibilbide arrakastatsua izan du pelikulak 2017an Donostia Zinemaldian estreinatu zenetik. Jaialdi ugaritan izan da, eta garaikur ugari jaso ditu filmak zein lantaldeak, tartean 2017ko Goya sarietan lortutako hamar sariak.

Altzoko handiaren istorioan du jatorria argumentuak. Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia Joakin ohi baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua.