Harrapazank programan 332 gazte bilbotarrek parte hartuko dute

Harrapazank aurkeztu dute
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 15 febrero 2016 13:20

BILBO, 15  (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Harrapazank programan 9 eta 18 urte bitarteko 332 gazte bilbotarrek parte hartuko dute aurten. Ekimenak gazteen gustuetara egokitutako jarduerak eskaintzen ditu, haien artean euskara modu erakargarrian eta berritzailean bultzatzeko asmoz.

   Programaren barruan bi atal daude: Harrapazank Eszena, gazteen sormena eta talentua zein den jakiteko, eta Sortuzank tailerrak, argazkigintzakoak, bertso rapekoak, bitxiak diseinatzekoak, DJ modura aritzekoak, grafitikoak, zirkukoak edo smartphone bidez bideoak egiten ikastekoak.

   Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten asko igo da programak izango dituen parte hartzaile kopuruak. Horrela, 332 gaztek eman dute izena: 260 gaztek (218 neska  eta 42 mutil) Harrapazank Eszena talentuen lehiaketan, 89 taldetan banatuta (iaz 34 talde eta 113 gazte izan ziren), eta 66 neska-mutilek Sortuzank tailerretan.

   Modu honetan, Harrapazank Eszena lehiaketa bi kategoriatan banatzen da: Harrapazank Junior, 9 eta 13 urte bitartekoentzat (166 gazte arituko dira, 50 taldetan banatuta) eta Harrapazank Senior, 14 eta 18 urte bitartekoentzat (94 gazte arituko dira, 39 taldetan banatuta).

   Parte hartuko duten 89 taldeetatik, 42 dantza arloan arituko dira (32 junior kategorian eta hamar Senior kategorian), 34 musika arloan (bederatzi Junior eta 25 Senior), eta 13k antzerkia, magia edo performancearekin lotutako ikuskizunak egingo dituzte (bederatzi Junior kategorian eta lau Senior).

   Talde guztiek entseguak egingo dituzte otsailean eta bederatzi irakasle profesionalen laguntza izango dute Basurtu, Errekalde, San Frantzisko, Begoña, Irala eta San Ignazioko barrutietako udal zentroetan. Martxoaren 6tik 18ra egingo dira hautaprobak Bilborock aretoan, eta kategoria bakoitzeko hamar talde aukeratuko dira. Horiek erakutsiko dute beren trebetasunak azken emanaldietan.

   Finalera igarotzen ez diren parte hartzaileek arteen eta kulturaren arloetako profesional batekin ikasten jarraitzeko aukera izango dute sakontze tailer batean, Begoñako udal zentroan, apirilaren 7an. Beste alde batetik, finalistek ikastaro magistral bat jasoko dute azken emanaldirako zalantzak argitzeko eta beldurra kentzeko. Seniorren emanaldia apirilaren 16an eta juniorren emanaldia apirilaren 17an izango dira, biak Bilborock aretoan. Kategoria bakoitzean 500 euroko sari bi emango dira.

SORTUZANK

   Bestalde, 66 gaztek eman dute izena Sortuzank programan egingo diren tailerretan parte hartzeko. Hamar tailerrak 11 eta 18 urte bitarteko gazteentzat dira eta argazkigintzako, bertso rap, bitxiak diseinatzeko, DJ gisa aritzeko, grafitiko, zirkuko edo smartphone bidez bideoak egiten ikastekoak izango dira.

   Aurtengo berritasunak izango dira Bertso rap eta Zirkuko tailerrak. 2014ko edizioko irabazlea izan zen Imanol Susok zuzenduko du zirkuko tailerra. Beste alde batetik, argazkigintza, disc-jockey eta smartphonarekin bideoak egiteko tailerrak berriro ematea erabaki da, iaz oso arrakastatsuak izan baitziren. Tailer guztiak apirilean izango dira apirilean, Abando, Errekalde, Basurtu eta La Bolsa udal zentroetan, Euskararen Etxean (San Ignazion) eta Euskalduna zubiaren azpian.

   Bestalde, aurten proba pilotu bat egin nahi izan da Bilboko zenbait ikastetxerekin, 8 eta 10 urte bitarteko neska-mutikoentzako Bilrobot programaren bidez. Hiru tailer mota eskainiko dira: lehena robotikari buruzkoa, lehen robota egiteko; bigarrena esperimentuen diseinuari buruzkoa, eta hirugarrena bideojokoen diseinuari buruzkoa. Tailer horiek arrakasta izanez gero, datorren urtean eskaintza areagotu eta plaza kopurua handituko da.

   Tailer horiek apirilean eta maiatzean emango dira Santutxuko udal zentroan eta Euskararen Etxean. Arrakasta badaukate, Sortuzank programaren barruan sartuko dira.

   Iaz, Harrapazank programaren hamargarren urteurrena ospatzeko, bideoklip bat egin zen 2015eko programako finalistak protagonistak zirela. Aurten ere gauza bera egin nahi da baina bilbotar gazte guztiekin. Xabi Hoo Enkore taldeko liderrak parte hartzen duen "Elkarrekin beti" izango da abestia. Parte hartu nahi dutenek helbide honetan dagoen abestia erabil dezakete playbacka egiteko: http://harrapazank.com/bideoklip-berria-parte-hartu-nahi/

   Taldean, bakarka, koadrillarekin, ikasgelako kideekin, nahi denarekin har daiteke parte. Baldintza bakarra da bideo labur bat bidaltzea abestia interpretatuz. Grabazio guztiak jasotzen direnean, bideoklipa muntatuko da eta azken emanaldietan erakutsiko eta interneten jarriko da.