Hassanna Aalia giza eskubideen aldeko ekintzaile saharrarak hitzaldia eskainiko du ostiralean Donostian

Hassanna Aalia hizlari ostiralean
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: miércoles, 20 marzo 2013 13:09

DONOSTIA, 20 Mar. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udaleko Lankidetza Sailak Sahara Mendebaldean bizi duten egoerari buruzko hitzaldi bat antolatu du ostiralerako, martxoaren 22rako. Hassanna Aalia giza eskubideen aldeko ekintzailea izango da hizlaria, eta bere egoeraren berri emango du 'Gdeim Izik-eko 24ak' bezala ezagutzen den epaiketan Marokok auzi-ihesean auzipetu eta bere aurkako biziarteko kartzela zigorra eman ondoren.

Hitzaldia, "Gdeim Izik-eko 24. zenbakia" izenburupean, arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan. Auzi-ihesean zigortu dute Hassanna Aalia, epaiketa egin bitartean Euskal Herrian erbesteratuta baitzegoen. Orain bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman dute bere aurka, eta asilo politikoa eskatu du. Sumario osoa gezurretan dago oinarrituta, bere hitzetan.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak aurkeztuko du hitzaldia, eta herri sahararrak 2010eko urriaren 10ean eraikitako kanpalekuari buruzko dokumental bat ere emango da bertan: "Gdeim Izik. Erresistentzia sahararraren kanpalekua". Guztira 20.000 saharar baino gehiago hartu zituen kanpalekua indarrez desegin zuen Marokok 2010eko azaroaren 8an. Indar militar eta polizialek ehunka saharar atxilotu zituzten.

Hainbatetan atxilotu eta torturatu zuten Hassanna Aalia, eta desagertuta ere egon zen. "Gdeim Izik-eko kanpalekua desegin ostean, 200 lagun baino gehiago sartu zituzten Aaiuneko Kartzela Beltzan. Guztiok torturak jasan genituen bost edo sei egunez. Emakumeak bortxatu egin zituzten, baita neska gazte asko ere. Galdetzen ziguten nola antolatu ginen, nondik eskuratu genituen banderak, nork egiten zituen, nola jaso genituen Fronte Polisarioren jarraibideak. Nik ihes egin nuen, eta lau hilabetez ezkutaturik egon nintzen", dio Aaliak.

Handik gutxira, itzultzea erabaki zuen, eta berriro atxilotu zuten. Azkenik, behin-behineko askatu zuten, epaiketaren zain. Gdeim Izik kanpalekuan aurreneko aldiz aske bizitzea zer den jakin zuela dio Aaliak.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Nazioarteko Zuzenbideko irakasle eta Giza Eskubideen Behatzaileen Nazioarteko Elkarteko presidente Juan Soroetak ere hartuko du parte hitzaldian. Soroetak behatzaile lanak egin ditu epaiketan, eta Eusko Legebiltzarrean asteazken honetan aurkeztu du epaiketan egindako txostena.