Haurrek jolasean euskara erabiltzeko Parketarrak ekimena Donostiako 11 auzotan egingo da

Parketarrak hasiko da astelehen honetan Donostian
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 22 febrero 2016 13:59

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeek Parketarrak egitasmoa antolatu dute hiriko 11 auzotan 2016rako. Lehen saioak astelehen honetan izango dira, Altzan eta Aieten, eta helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da.

   Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago: bata, Zabu-zibu, 3-5 urteko haurrentzat eta beren familientzat antolatua eta, bestea, Txirrintxon, 6-9 urtekoentzat. Hrrela, egitasmoaren lehen txandak astelehen honetan hasi eta martxoaren 18ra bitartean iraungo du, eta Donostiako plaza eta parke anitzetan jolasak antolatuko dira. Egitasmoa doan eskainiko da.

   Donostiako Udalak jakinarazi duenez, 2015ean "oso harrera ona" izan zuen egitasmoak. Zabu-Zibu programan 1.200 bat haurrek eta 225 gurasok parte hartu zuten, eta Txirrintxon programan, berriz, 974 haurrek. Egitasmoaren arrakasta ikusita, aurten ere 11 auzotan egingo da: Altza, Bidebieta, Intxaurrondo, Martutene, Loiolako Erriberak, Amara Berri, Añorga, Parte Zaharra, Egia, Aiete eta Igeldo.

   Auzo horietan euskara batzordeak sortu dira eta plangintza bat egiten ari dira auzoan bertan euskara sustatzeko. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da, eta horretarako Parketarrak ekimena "oso eraginkorra" dela ikusi dute Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

   Horrela, urte osoan zehar, hiru txandatan banatuta, 11 auzo horietan egingo da ekimena: otsaila-martxoan, maiatzean eta urrian. Txanda bakoitzak launa saio izango ditu (astero bat) 3-5 urteko haurrentzat eta 6-9 urtekoentzat.