Haurrentzako tailerrak izango dira uztailean Bizkaiko Aldundiaren museoetan

BILBO, 4 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak haurrei zuzenduriko tailerren egitarau zabala prestatu du uztailerako bere museoetan, zehazki, Arkeologia Museoan, Arrantzaleen Museoan, Euskal Herria Museoan, La Encartada fabrika-museoan eta Santimamiñen.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, Bilboko Arkeologia Museoan hainbat tailer egingo dira uztailaren 6tik 10era eta 20tik 24ra. Tailerrotako batzuetan, artelanen eta beren barruan ezkutatzen diren arkeologia piezen historiak kontatzen dira, eta beste batzuetan, museoetan ezkutaturik dauden altxorrak bilatzen dira eta arkeologoarena egiten jolasten da.

Hartzaileak 6-12 urteko ume elebidunak dira. Tailerrak 09:30ean hasiko dira eta lau ordu iraungo dute gutxi gorabehera. Lagun bakoitzeko sarrerak 3 euro balioko du eguneko. Plazen kopurua mugatua izango da, eta beraz, aurretik erreserba egin behar da (94 404 09 90 edo arkeologimuseoa@bizkaia.net).

Halaber, Bermeon, 4 eta 10 urte bitarteko umeek, bost tailer izango dituzte Arrantzaleen Museoan. Lehenengoa "Bale kapela" izango da, uztailaren 21ean: euskal balea zelakoa zen eta zelan ehizatzen zen kontatuko da bertan, eta ondoren, bale itxurako kapela bat egingo da. Uztailaren 22an, "Itsasontziak" tailerrean, arrantzarako erabiltzen diren ontzi motak ezagutuko dituzte parte hartzaileek, eta bakoitzak bere ontzia egin ahalko du material birziklatuekin.

Gainera, "Murtxillak korapilatuten" tailerrean, uztailaren 23an, itsas korapiloak nola egiten diren eta zertarako erabiltzen diren ikasiko dute haurrek, jarraian korapiloen koadro bat egin ahal izateko. Azkenik, uztailaren 24an, "Isilik berbetan: itsas seinaleak" tailerrean, parte hartzaileek banderen sorta bat egingo dute, bai eta eskulanak ere, itsas banderen alfabetoa erabiliz.

Saioak 11:00etan hasiko dira eta bi ordu iraungo dute, gutxi gorabehera; euskaraz egingo dira eta euro bateko kostua izango dute. Kasu guztietan, plazak mugatuak izango dira, eta aurretik erreserba egin behar da (94 688 11 71 edo arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus).

Era berean, Karmen Egunean, uztailaren 16an, "Itsas Bataioa" tailerra egingo da Arrantzaleen Museoan jende guztiarentzat. Parte hartzaileek itsasoko ohiturak eta jaiak ezagutuko dituzte, eta ondoren, irteera egingo dute Izaro eta Elantxobera 'Hegaluze' ontzian.

Bestalde, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan ere hainbat tailer egingo dira uztailean, besteak beste, "Piratak eta altxorrak" (uztailak 1 eta 15), "Koloretako lanak" (14), "Euskal mitologia" (2 eta 16), "Artzainak" (3 eta 17), "Historiaurreko artistak" (7 eta 21), "Basoak Historian I" (8 eta 22), "Basoak Historian II" (9 eta 23) eta "Herri kiroletako olinpiadak" (10 eta 24).

Tailerrak euskaraz egingo dira eta 4-10 urteko umeentzat izango dira. Saioak 11:00etan hasi eta 13:00etan amaituko dira, eta euro bateko kostua izango dute parte hartzaile (94 625 54 51 eta euskalherriamuseoa@bizkaia.eus).

LA ENCARTADA

Gainera, Balmasedako La Encartada fabrika-museoak sei tailer antolatu ditu 4 eta 12 urte bitarteko umeentzat, asteartetik ostiralera, oraindik hitzartu behar den ordutegian. Tailerrok hauek dira: "Birziklatu eta landatu", "Ezagutu gure zuhaitzak", "Orri-markatzailea egingo dugu", "Ardia eta artilea", Txiki-ehundegiak" eta "Ardi buruargiak".

Era berean, uztailaren 19a familientzako tailer bat egingo da: "Zer egingo zenuke fabrikan orain dela 100 urte?". Parte hartzaileek aukera izango dute orain dela mende bat La Encartada bezalako lantegi batean egiten zen lana ezagutzeko eta garatzeko. Jarduera 12:00etan hasiko da, ordubete iraungo du eta kostua hiru euro izango da.

Azkenik, Santimamiñen, Kortezubin, uztailaren 12an, "Santimamiñe zentzuen bidez" tailerra egingo da. 5 eta 10 urte bitarteko umeak izango dira hartzaileak, eta Santimamiñe modu ezberdinean ezagutuko dute: ikusmenez, ukimenez, usaimenez eta entzumenez. Tailerra 12:00etan hasiko da eta ordu batekoa izango da, gutxi gorabehera. Leku kopurua mugatua denez, aurretik erreserba egin behar da, 94 465 16 57 telefonora deituz.