Haurreskolak Partzuergoko langileek Eusko Jaurlaritzak ezarritako "murrizketen" aurkako elkarrataratzea egingo dute

Actualizado: lunes, 7 febrero 2011 18:05

BILBO, 7 Feb. (EUROPA PRESS) -

Haurreskola Partzuergoan ordezkaritza duten LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuek elkarretaratzea deitu dute biharko Bilbon, epaitegien aurrean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako "murrizketen" aurrean protesta agertzeko, LAB sindikatuko iturriek adierazi dutenez.

Horrela, azken urtean Haurreskolak Partzuergoko langileen lan baldintzak "okertzen" joan direla salatu dute, eta, horren ondorioz, eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea ere. "Zerbitzu publikoetan aplikatutako murrizketak -Haurreskoletan ondorioak izan dituztenak- behin eta berriro salatu ditugu Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuok", adierazi dute.

Ildo horretan, langileek elkarretaratzea egingo dute bihar Bilbon, "haurreskoletan eskaintzen den hezkuntza-zerbitzuan aplikatutako murrizketen aurrean eta ezarritako soldata murrizketen aurrean desadostasuna agertzeko".

Ekintza goizeko 9:30etatik 10:00etara izango da, Bilboko epaitegiaren aurrean, gaia epaitegietara eramana baitago eta, hain zuzen ere, biharkoan Bilboko epaitegietan aztergai izango dutelako.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari zein Haurreskolak Partzuergoari negoziazio kolektiboaren bitartez auzi honen inguruan konponbide bat lortzeko eskakizuna luzatu diete hiru sindikatuek.