Hekimen euskal hedabideen elkarteak eta Udalbiltzak elkarlanerako "hitzarmen estrategikoa" sinatu dute

Aizpurua eta Arantzabal hitzarmena sinatzen
Foto: UDALBILTZA
Actualizado: viernes, 28 febrero 2014 13:13

DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

   Hekimen euskal hedabideen elkarteak eta Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak elkarlanerako "hitzarmen estrategikoa" sinatu dute, 2014-2015 aldirako. Euskara eta euskaldunon komunitatea indartzea helburu dutenez, bi erakundeek uste dute akordioak Euskal Herriaren garapenean jarduteko oinarriak eskainiko dituela.

   Bi erakundeetako lehendakariek izenpetu dute akordioa, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean: Hekimenetik Iban Arantzabalek eta Udalbiltzatik Mertxe Aizpuruak.

   Horrela, Hekimen elkarteak Euskal Hedabideen Behatokia delako proiektua martxan jarriko du 2014-2015 epealdian eta, egitasmo hori gauzatu dezan, Udalbiltzak 2014an 15.000 euroko laguntza bideratuko du, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren bitartez. Halaber, Hekimenek Udalbiltzaren Adituen Sarean parte hartuko du.

   Udalbiltzak bere Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren baitan kokatu du Hekimenekin sinatutako akordioa, hain zuzen, "Euskal Herria sendotzen" programan. Hekimenekin egindako hitzarmena programako laugarrena da; beste hirurak, Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiarekin), Euskaltzaleen Topagunearekin eta Euskal Herriko Laborantza Ganberarekin sinatu zituen.