Helduen euskalduntzea doakoa izatea eskatzeko kanpaina abian

"Euskara Denontzat Doan" Kanpaina Aurkeztu Dute
KONTSEILUA
Actualizado: viernes, 24 marzo 2017 13:09

   BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Kontseiluak eta helduen euskalduntze eta alfabetatzearen sektoreak euskara denontzat doan aldarrikatzeko datozen hilabeteotan egingo duten ekimenaren berri eman dute ostiral honetan Bilbon egindako prentsaurrekoan. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Mertxe Mugika (AEK), Joxemi Regero (IKA) eta Jon Urdangarin (Maizpide) egon dira agerraldian. Kontseiluaren baitan biltzen den helduen euskalduntze eta alfabetatzearen sektoreko kideak dira horiek, Urrats eta Hitzez euskaltegiekin batera.

   Horrela, agerraldian azaldu dute gaur egun bere burua euskaldundu nahi duen pertsona helduak, prozesu hori egiteagatik, ahalegin intelektualaz gain, ekonomikoa ere egin behar duela, "eta ez ahalegin makala, gainera". 2015ean EAEko herritarrek hilabetean etxerako erosketetan gastatu zutena (Estudio Fintonic-ek egindako azterketa baten arabera) aintzat hartuta, bi urteko etxerako erosketa egitea beste ordaindu behar du herritarrak euskalduntze prozesuagatik.

   "Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskara hizkuntza ofiziala da eta hau ikastea eskubidea da. Beraz, zerbitzu publiko gisa hartu behar da horri lotuta egiten den jarduna eta horren erantzukizun zuzena administrazioarena da. Zerbitzu publikoa den heinean, doakoa behar du izan eta pertsona guztientzat", azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

   Eusko Jaurlaritzak, PSE-EErekin duen gobernu akordioan jaso zuen moduan, urrats bat eman du doakotasunaren bidean. Bilbaok gogoratu du "euskalgintzaren aldarrikapen historikoa" dela doakotasunarena, eta aldarrikapen horren fruitu direla azken hilabeteotan eman diren pausoak, eta horregatik "pozik" daudela.

   "Orain, pauso horiek euskararen normalizaziorako aldarrikapen historiko izatetik lorpen historikorako zubi izateko egingo dugu lan. Herritar guztiek euskaraz doan ikasteko duten eskubidea bermatua izan dezaten. Hemendik aurrera egiten diren aurrekontuetan horrek isla izan dezan espero dugu, eta hori lortzeko egingo dugu lan. Gogor egingo dugu lan Eusko Jaurlaritzak hartutako bidea ahal bezain urrunen heltzeko. Lankidetzan jardutea dagokigu orain, erantzukizunez eta eraginkortasunez", adierazi du.

   Horrela, hainbat adibide aipatu ditu Bilbaok. Beste hainbat eskubide sozialen bermeagatik eta hauei lotutako zerbitzu publikoak jasotzeagatik ez da ordaindu behar, osasun asistentzia edo hezkuntza kasu. "Are gehiago, pentsa dezagun batzuk ordaindu egin behar dutela eta beste batzuk ez. Horixe da helduen euskalduntze prozesuan gertatzen dena. Helduen euskalduntzerako, beste eskubide sozial bat den neurrian, trataera bera aldarrikatzen dugu. Doakotasuna da euskararen ezagutzaren unibertsaltasunaren berme bakarra", azaldu du.

"ANABASA"

   Helduen euskalduntzean gaur egun dagoen laguntzen egoera "anabasa" hitzarekin definitu du Kontseiluko idazkari nagusiak. Ildo horretan, gaur egun euskara ikasten ari diren pertsona talde bati galdeketa egin die Kontseiluko helduen euskalduntzearen sektoreak hainbat gairen inguruan, eta tartean kostuez ere galdetu zaie. Horren emaitzen berri eman du Bilbaok.

   Laguntzen alorrean ez dela inolako irizpide komunik eta desberdintasunak oso handiak direla esan du. Leku batzuetan, laguntza publikoei esker prozesua doan egin daiteke gaur egun, baina gehienetan ikasleak bere poltsikotik jarri behar du dirua. "Kopuruetan desberdintasun handiak daude, 500 euro inguru ordaintzen dutenak daude, 1.200 euro, 2.000 euro eta 5.000 euro ingururaino ere hel daiteke ikasleak egin behar duen inbertsio ekonomikoa. 50 modulazio baino gehiago topatu ditugu", azaldu du.

   Hori gainditzeko bidea "ikasteko prozesu osoa doakoa izatea" dela ziurtatu du du Kontseiluko idazkari nagusiak. Horrekin batera, "doakotasuna kudeatzeko leihatila bakarra ezartzea" ere eskatu du, eta "koordinatua eta planifikatua" izan behar duela. Legealdi honetan helduen euskalduntze eta alfabetazearen doakotasuna lortzeko, diru sail nahikoak jaso beharko dira Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan. Gaur egun ikasleen matrikulek suposatzen dute helduen euskalduntze eta alfabetazearen zerbitzuaren %34 (15 milioi euro).

   Horren guztiaren eredu langabeei euskara doan ikasteko aukera emateko HABEk Lanbiderekin egin duen akordioa aipatu du Bilbaok. "Hori jendarte osora zabaldu behar da. Orain arte langile publikoek izan dute laguntza eta orain langabetuei emango zaie, baina jende multzo handi bat geratzen da tartean. Euskara ikastea denontzat izan behar da doan", azaldu du.

   Bestalde, AEK-ko eledun Mertxe Mugikak adierazi du 20. Korrikaren baitan Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean "doakotasunaren aldeko kilometroak" izango direla, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu. Ondoren, uda bitartean, euskaltegiekin, euskara ikasleekin eta ikasle ohiekin ere landuko dute gaia.

   Halaber, kanpainaren irudiaren inguruan ere azalpena eman du Mugikak. "WiFi zerbitzuaren metaforan oinarritzen da kanpaina, doako WiFi zerbitzua irudikatzen duen seinaletikan, alegia. Egun, NBEaren arabera Interneterako sarbidea giza eskubidea da, eta eskubide hori bermatzeko gobernuek neurriak hartu behar dituzte. Geuk bi eskubide horiek uztartu ditugu, eskubide 'moderno' bat eta eskubide historikoa. Horixe baita aldarrikatzen duguna: doako zerbitzua denontzat, zerbitzu onaren seinale", azaldu du.