Herritarrei ematen zaien zerbitzu elebiduna hobetzea da Ertzaintzaren I. Euskararen Erabilera Planaren helburua

Ertzain bat lanean
Foto: ERTZAINTZA
Actualizado: miércoles, 22 octubre 2014 17:49
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 22 (EUROPA PRESS)

   Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuak eta Iñaki Gurtubai Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, gaur, urriaren 22an. Gobernu Kontseiluan asteartean aurkeztu zuten dokumentuak Ertzaintzaren I. Euskararen Erabilera Plana hartzen du barne, eta testuak hainbat neurri biltzen ditu euskara zerbitzua emateko eta lanerako hizkuntza izan dadin, herritarrei ematen zaien arreta elebiduna hobetzeko helburuarekin.

   Segurtasun Saileko arduradunak Ertzaintzaren lehenengo Euskararen Erabilera Plana nabarmendu nahi du. "Jakina eta agerikoa da Ertzaintzaren euskalduntzea administrazioko beste arlo batzuetan baino motelagoa izan dela. Ertzaintzaren oinarrizko lehentasuna euskal biztanleen bizitza, eskubideak eta oinarrizko askatasunak zaintzea izan da. Gainera, duela gutxi arte eta urte gehiegiz, Ertzaintzaren ohiko lana ETAren terrorismoari aurre egiteko beharrak baldintzatzen zuen, eta horrek ondorio negatiboak izan ditu euskalduntze eta hizkuntza normalizazio planetan", azaldu du.

   Bere agerraldian adierazi du etorkizuneko Ertzaintzak "gertuko zerbitzua" eman behar diola Euskadiko gizarteari, eta, horregatik, "Ertzaintzak herritarrek eskatzen dioten hizkuntza ofizialean egin beharko du lan eta eman beharko du kalitatezko polizia zerbitzua".

   Beltrán de Herediaren arabera, Euskararen Erabilerara Plana "Ertzaintza berriaren euskararen arloko ibilbide orria izango da". Gaur egun, 3.006 ertzainek bermatu dute hizkuntza eskakizunen bat: 156 ertzainek 2. HE maila bermatuta dute (Europako Erreferentzia Markoaren C1 mailarekin bateragarria), eta 2.850ek 1. HE maila (Europako Erreferentzia Markoaren B2 mailarekin bateragarria); horiek dira Ertzaintzaren euskalduntze prozesuaren araudian biltzen diren bi profil bakarrak.

   Segurtasun sailburuak euskararen erabilera bultzatzeko hainbat ekimen aipatu ditu. Horietako batzuk abian daude jada, eta besteak hurrengo hiletan bultzatuko dituzte. Helburuak dira Ertzaintzaren barruan euskararen eta gaztelaniaren arteko parekotasuna gutxika lortzea eta euskara lan hizkuntza bihurtzea, Euskadiko herritarrei polizia zerbitzu elebiduna eman ahal izateko.

NEURRIAK

   Horrela, jada hartu diren edo martxan dauden neurrien artean, 2013ko ekainean Ertzaintzaren lanpostuen zerrendaren aldaketa dago, 509 derrigortasun data ezarri zizkiona beste horrenbeste posturi. Halaber, joan den uztaileko negoziazio mahaiak erregulazio malguagoa onartu zuen, laneko orduetan euskara ikastaroetara joan ahal izateko liberalizazioak errazteko eta laneko orduetatik kanpo euskara ikasi nahi dutenen matrikulak ordaintzeko baldintzak hobetzeko.

   Gainera, hitzarmena sinatu da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin, ertzainen espediente pertsonalean jasota gera dadin B2 (Ertzaintzaren 1. HEren baliokidea) eta C1 (Ertzaintzaren 2. HEren baliokidea, EGAren antzekoa) azterketak egin dituzten eta titulurik baduten, kolektiboak aspalditik eskatzen zuenez.

   Bestalde, euskarako 1. HE lortzeko liberatutako ertzainen kopurua bikoiztu da, eta 50 ikaslerentzako lekua duten bi ikastaro eskaini dira. Azken urteetan, urtean bi ikastaro ematen ziren, eta bakoitzeko batez besteko ikasle kopurua 25ekoa zen.

   Halaber, euskarazko prestakuntza hobetu da, ertzainek teknikoki konplexuagoak diren eta hizkuntza maila handiagoko lanei aurre egin ahal izateko. Hala, joan den astean, eta lehen aldiz, 20 ertzain euskaldunek 2. HE lortzeko ikastaroa hasi zuten.

   Gainera, euskara sustatzeko aurrekontua bikoiztu da, eta 2015ean 1.027.817 eurokoa izango da. Ahalegin ekonomiko osagarria ere egin da, poliziaren aplikazio informatiko guztiek euskarazko bertsioa edukitzeko.

   "Trebakuntza" izeneko prestakuntza plana ere abian jarri da, nahi duten eta hizkuntza maila duten ertzainek euren lana euskaraz egin ahal izatea errazteko eta bultzatzeko. Horretarako, prestakuntza jasoko dute eta laguntza puntualeko trebatzaileen laguntza eta baliabide informatiko eta material egokiak izango dituzte, administrazio lana, ofizioak, polizia txostenak eta abar euskaraz prestatu ahal izateko. Halaber, zalantzak argitzeko "Dudatan" zerbitzua abiaraziko da.

UNITATEAK SAILKATU

   Bestalde, planak dio Ertzaintzaren unitateak sailkatu egin behar direla, hiritarraren zerbitzu zuzenaren mailaren arabera eta unitate bakoitzaren inguru soziolinguistikoaren arabera. Sailkapen hori oinarrizkoa da zehazteko zein unitatek eta ertzain etxek duten lehentasuna bertan lan egiten duten ertzainek euskara ikas dezaten liberatzeko orduan.

   Planak erabilera irizpide hauek biltzen ditu: hizkuntza ofizialak, itzulpenak, euskararen sustapenerako ekintzak eta hizkuntza irizpideak kontratazioan, informatika tresnetan eta barruko eta kanpoko komunikazioan.

   "Azken urteetan Ertzaintzak urrats batzuk egin ditu gure herritarrei zerbitzu elebiduna eskaintzeko. Etorkizuneko Ertzaintza herritarrek aukeratzen duten hizkuntzan artatu beharko ditu", esan du Beltrán de Herediak.

   Ertzaintzak lana euskaraz egitea ahalbidetuko duen Euskararen Erabilera Planaren ekintzen sorta zabala nabarmentzeaz gain, Segurtasun sailburuak esan du hurrengo urteetako promozio berriek Ertzaintzaren euskalduntzeari "bultzada sendoagoa" emango diotela. "24. promozioan hautatutakoen behin behineko zerrendan agertzen direnen %92k hizkuntza eskakizuna dauka", nabarmendu du.