Hezkuntza-berriztapenaren Karmele Alzueta Sariak banatuko ditu bihar Gasteizen Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: miércoles, 4 mayo 2011 15:39

GASTEIZ, 4 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hezkuntza-berriztapenaren Karmele Alzueta Sariak emango ditu bihar, Gasteizen. Sari hauen bidez, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren ikastetxeetan garatu den hezkuntza-berriztapenerako proiekturik onena aintzatetsiko da.

Hezkuntza-berriztapenerako proiektuak lan-proposamenak dira eta aldaketak eta ekarpen berriak planteatzen dituzte geletan eta ikastetxeen antolaketan garatzen den hezkuntza-praktikan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailetik jakinarazi dutenez.

Ikasturte honetako edizioan, Gasteizko Ibaiondo LHI izan da saritua. Halaber, akzesita lortu dute Berastegiko (Gipuzkoa) J.A. Muñagorri LHIak eta Donostiako Zurriola Ikastola HLBHIPak. Ikastetxe hauen ordezkaritza zabala (zuzendari, ikasle, irakasle eta senideak barne) izango da sariak banatzeko ekitaldian.

Halaber, han izango dira Maria Antonia Ozcariz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea eta Candido Hernández Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria. Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, Lakua II eraikineko Biltzar Aretoan, Gasteizen.