Hezkuntza, kantagintza eta bertsolaritza, Bertsoa Unibertsitatean eskolako osagai nagusiak

Bertsoa Unibertsitatean eskola aurkeztu dute
Foto: MINTZOLA
Actualizado: viernes, 24 abril 2015 14:08

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

   Bi ikastarok osatuko dute aurten Bertsoa Unibertsitatean eskola, uztailaren 6tik 10era bitartean, Donostiako Miramar jauregian, eta hezkuntza, kantagintza eta bertsolaritza izango dira osagai nagusiak.

   Mintzola Fundazioaren egoitzan bildu dira ostiral honetan Mintzola Fundazioko, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Uda Ikastaroetako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak Bertsoa Unibertsitatean eskola aurkezteko. Zigor Etxeburua Gipuzkoako Aldundiko Euskara zuzendariak eta Mintzola Fundazioko patronatu kideak, Beñat Gaztelumendi Mintzola Fundazioko patronatu kideak eta Carmen Agoués EHUko Uda Ikastaroen zuzendariak eman dute egitasmoaren berri.

   Hainbat ikerlari ari dira bertsolaritza eta ahozkotasuna ikuspegi ezberdinetatik aztertzen, eta, Etxeburuak azaldu duenez, zikloan horietako hainbat gai landuko dira. "Ziklo eta jardunaldion helburua, gai horien transmisioa egiteaz gain, etorkizuneko ikerketak abiatzeko hari muturrak ematea da, hazia ereitea", adierazi du.

   Hain zuzen, hori bat dator EHUko Uda Ikastaroen helburuekin. "Gure apustuetako bat euskarazko eskaintza indartzea da, eta honelako jardunaldiak eskaini ahal izatea aukera paregabea da", gaineratu du Carmen Agouések.

   Bi ikastarok osatuko dute aurtengo eskola. Lehenak, "Bertsolaritza eta ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan" ikastaroak, kantagintzan jarriko du batez ere arreta, izenburuan aipatzen diren ahozkotasuna eta hezkuntza aintza hartuz. "Interesa duen edonori zuzenduta dago, bereziki transmisioan eta hezkuntzan lan egiten dutenei", azaldu du Beñat Gaztelumendik.

   Bigarrenak, "Bertsolaritzaren bidegurutzeak" izenekoak, hiru talaia ezberdinetatik begiratuko die bertsolaritzaren erronkei: ideologiaren esparrutik, transmisiotik eta ikerkuntzatik. "Bigarren ikastaroa bertsolaritzari lotuagoa dago, perfila gehiago da zaleei edo bertsolaritzaren munduan dabiltzanei begirakoa, baina baita bertsolaritzatik abiatuta euskal kulturgintzaz pentsatu nahi dutenei begirakoa ere", esan du.

PARTE HARTZAILEAK

   Ikastaroetan ahozkotasunean eta hezkuntzan aditu diren hainbat kidek hartuko dute parte, besteak beste, Marie Hirigoien kantariak, Andoni Egaña bertsolariak eta Jon Sarasua bertsolari eta euskal kulturgintza adituak. Lehen ikastaroaren amaieran, performance bat ere izango da, Ainhoa Ansa kantariaren eta Uxue Alberdi eta Igor Elortza bertsolarien eskutik.

   Bertsoa Unibertsitatean eskola uztailaren 6tik 10era egingo da Donostiako Miramar jauregian. Maiatzaren 4tik aurrera izango da matrikulatzeko aukera, eta ekainetik aurrera %20 gehiago ordaindu beharko da matrikula.

   Bost urtetarako elkarlana adostua dute Mintzola Fundazioak eta EHUko Uda ikastaroetako zuzendaritzak Bertsoa Unibertsitatean eskola antolatzeko; aurtengoa antolatzen den bigarren aldia da. Iaz 115 matrikula izan ziren, eta soslai ezberdinetako jendea bildu zuen, hasi hezkuntzako profesionaletatik eta sormena interesgune zutenen arte.