Hildakorik gabeko 85 auto istripu izan dira Euskadin Aste Santuan

Actualizado: martes, 7 abril 2015 17:08

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Euskadiko errepideetan ez da trafiko istripuen ondoriozko hildakorik izan apirilaren 1etik 6ra bitartean. Horrela, Aste Santuko operazioa Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren aurreikuspenen arabera gauzatu da, zenbatespenak betez, ibilgailu gehiago egon baitira zirkulazioan, gutxi gorabehera, 2014an baino %3 gehiago batez beste. Trafikoa goratzearekin batera, istripu kopuru osoa jaitsi da.

   Hirugarren urtez jarraian, "atseginez hartu ditzakegu hilkortasunari buruzko berri onak", Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok adierazi duenez. "Egun hauetan izan dugun eguraldi ona eta azken hilabeteetan ikusi dugun trafiko gorakada mailakatua direla-eta, ibilgailu gehiago izan ditugu gure errepideetan zirkulatzen, baina, hala ere, ezbehar kopuruak behera egin du eta erregistratu diren istripuetan ez da hildakorik egon", azaldu du.

   Zehazki, Ertzaintzak 85 istripu erregistratu ditu guztira: 16 Araban, 37 Bizkaian eta 32 Gipuzkoan. Iaz, 100 istripu erregistratu ziren Euskadi osoan, 2013an 107, eta 2012an 123. Hildakoei dagokienez, eutsi egin zaio bilakaera positiboari, ez baita hildakorik egon 2012ko Aste Santuaz geroztik (bi pertsona hil ziren orduan Araban).

   Aurten, iaz baino ibilgailu gehiago ibili dira errepideetatik. "Nabarmena" izan da trafikoaren gorakada A-8 errepidean, Bizkai eta Kantabria arteko mugan: Aste Santu guztian %4,38 hazi da batez besteko zirkulazioa (joan-etorriak) eremu horretan. Trafiko murrizketa, ordea, AP-8 errepidean besterik ez da erregistratu, hain zuzen, Frantziarekin mugan.

AUTO ILARAK

   Auto ilarei dagokienez, gune korapilatsuena A-8 errepidea izan da, Kantabriaranzko irteeran. Trafiko ugari egon zen asteazkenean eta ostegunean. Gainera, beste urte batzuetan ez bezala, trafiko ugari egon zen ostiralean ere. Auto ilara luzeak erregistratu ziren Kantabriarekiko mugan: bederatzi kilometrokoak asteazkenean, 17:45ean; 16 kilometrokoak ostegunean, 12:10ean; eta zazpi kilometrokoak ostiralean, 11:45ean.

   Nolanahi ere, AP-8an, Frantziarako norantzan, iazkoak baino motzagoak izan dira ilarak. Ostegunean, lau bat kilometroko auto ilarak erregistratu ziren goizean; iaz, ordea, AP-8ko Irungo ordaingunetik haratago ere iritsi ziren, GI-20 eta AP-8 arteko elkarguneari eragin arte. Auto ilara luzeenak, 13 bat kilometrokoak, eguerdian izan ziren.

   Araban, Armiñongo lotunean, unean-uneko auto ilarak erregistratu ziren irteera operazioan; asteazkenean eta ostegunean, puntako ordutan, lau kilometrokoak izateraino iritsi ziren. Itzulera mailakatua izan da eta ez da ilara nabarmen luzerik erregistratu.