"Hiperrealismoa 1967-2013", urtarrilaren 19a arte ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoan

Richard Estesen kabina ospetsuak
Foto: BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Actualizado: miércoles, 7 enero 2015 14:26
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Arte Ederren Museoko BBK aretoan ikusgai dagoen "Hiperrealismoa 1967-2013" erakusketa azken txanpara iritsi eta urtarrilaren 19a arte ikusi ahal izango da. Erakusketa mugimendu hiperrealistaren lehen atzera begirako handia da Europan, eta pintura estilo honetako kiderik adierazgarrienek egindako bildumetako 68 lanek osatzen dute.

   Hiperrealismoa 1960ko hamarkadaren erdialdean Amerikako Estatu Batuetan (AEB) sortu zen, gero nazioartean garatzeko eta gaur egun oraindik bizirik irauteko, museo bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

   Bilboko erakusketan 34 artistaren lanak ikusgai daude, Ipar Amerikako maisuen lehen belaunaldiko -besteak beste, John Baeder, Tom Blackwell, Chuck Close, Don Eddy, Richard Estes edo Ralph Goings- lanekin hasi eta gaur egungo zenbait margolariren obretaraino.

   Erakusketa hurrenkera kronologikoan banatzen da, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako argazki errealismoaren sortzaile iparamerikarrekin -John Baeder, Robert Bechtle, Charles Bell, Tom Blackwell, Chuck Close, Robert Cottingham, Don Eddy, Richard Estes, Audrey Flack, Franz Gertsch, Ralph Goings, John Kacere, Ron Kleemann, Richard McLean, Jack Mendenhall, David Parrish, John Salt eta Ben Schonzeit- hasita. Atal honetan mugimenduaren lan mitikoak daude: Estesen telefono kabina ospetsuak edo Goingsen janari lasterreko jatetxeen ikonografia.

   Hurrengo bi belaunaldiek, 1980ko hamarkadatik gaur egunera artekoek, mugimenduaren nazioartekotzea adierazten dute, bere birdefinizioa aro digitalari dagozkion aukera tekniko berrietatik abiaturik: Anthony Brunelli, Davis Cone, Randy Dudley, Robert Gniewek, Gus Heinze, Don Jacot, Bertrand Meniel, Rod Penner, Bernardo Torrens, Roberto Bernardi, Clive Head, Ben Johnson, Peter Maier, Robert Neffson, Yigal Ozeri eta Raphaella Spence.

   Agertu zela ia 50 urte bete direnean, hiperrealismoak indarrean jarraitzen du gaur egun eta oraindik jardunean jarraitzen dute mugimendua abiarazi zuten margolarietako askok. Horiei hainbat belaunalditako artistak gehituz joan zaizkie, nazioarteko izaera emanez estiloari.

   Tubingako (Alemania) Institut für Kulturaustausch (Kultura Trukerako Institutuak) antolatua eta Otto Letze zuzendaria komisario dela, erakusketa Tubingako Kunsthalle aretoan egin zen lehenik, eta gero Europako hainbat museotara iritsi zen.