Hiru atxilotu eta bost udaltzain zauritu izan dira Getxon Gabon zahar gauean

Actualizado: lunes, 3 enero 2011 19:22

BILBO, 3 Ene. (EUROPA PRESS) -

Hiru gazte atxilotu zituzten Getxon (Bizkaia) eta osagileek bost udaltzaingo zauritu artatu behar izan zituzten Gabon zahar gauean eta Urteberri eguneko goizean zehar Illeta kalean gertatutako istiluetan, Getxoko Udalak jakinarazi duenez. Hiru atxilotuak aske daude jada.

Auzotar batek Udaltzaingora deitu zuen esanez herriko gazteek erabili ohi duten lonja baten inguruetan liskar bat ari zela gertatzen. Udaltzain talde bat gerturatu zen aipatu lonjara baina ez zuten ezer arrarorik ikusi, lokalaren kanpoaldean gazte talde txiki batzuk zeudela salbu.

Etxabe horren barruan gertatzen ari zitekeenaren berri jasotzera hurbildu ziren unean, lokalaren barruan zeuden beste gazte batzuk udaltzainak zirikatu, iraindu eta erasotu zituzten, eta horren ondorioz, eta gertaerak larriagotzen ari zirela-eta, Udaltzaingoaren patruila gehiagoren eta Ertzaintzaren prsentzia beharrezkoa egin zen.

Aipatu gertaeren ondorioz, hiru gazte atxilotu egin zituzten polizien aurkako erasoa egin zutela egotzita, eta bost udaltzain zaurituta geratu ziren; medikuaren laguntza behar izan zuten. Atxilo eramandako hiru gazteak, dagozkion diligentziak bideratuta, aske utzi zituzten urtarrilaren 1ko gauean bertan, agintari judizialek noiz deituko zain.

Istiluak gertatu ziren lokalaren egoera administratiboari dagokionez, eta bere aurkako beste salaketa-agiri batzuk bideratu direnez gero, Getxoko Udalak bere egoerari buruz hartu beharreko neurriak hartuko ditu.