BILBO, 27 Feb. (EUROPA PRESS) - Bilboko Udaltzaingoak 450 kilo haxix konfiskatu eta estupefazienteen trafikoan espezializatutako banda antolatu bateko hiru kide atxilotu zituen otsailaren 23an San Adrian auzoan burutu zen operazioan. "Inoizko droga kargamendu handiena" konfiskatu du horrela Bilboko Udaltzaingoak, Miribillan dituen instalazioetan egindako ekitaldian nabarmendu dutenez. Atxilotutakoak hiru gizon dira, 22 eta 29 urtekoak, eta Bilboko Udaltzaingoaren Drogaren aurkako Ikuskaritzako agenteek atxilotu zituzten. Audi S8 bat ere konfiskatu zuten: 450 kilo haxix hauts zeramaten bertan, 33na kiloko fardeletan, zigilatuta eta behar bezala zenbakiak jarrita. Konfiskatutako droga araztasun handikoa da, eta merkatuko balioa milioi bi eta erdi ingurukoa izango litzateke. Juan Mari Aburto alkatea Bilboko Udaltzaingoak Miribillan dituen instalazioetan izan da astelehen honetan, udaltzainei zorionak emateko "Bilboko Udaltzaingoak inoizkorik gehieneko droga kargamendua konfiskatzeagatik". Gainera, gogoratu du joan den astean Drogaren aurkako Ikuskaritzak "penintsularen iparraldeko heroina bandarik handiena" desegin zuela. "Bilbo Estatuko hiririk seguruena da, zuei esker, bai prebentzioan, bai delituen ikerketan polizia onaren eredua zareten zuei esker", esan du. Atxiloketak egitean ia 3.000 euro esku dirutan konfiskatu zituzten, baita su arma bat, kargatuta eta tiroa botatzeko prest zegoena, 9 milimetroko Parabellum pistola automatikoa eta 50 munizio kartutxo inguru ere. Ustezko trafikatzaileek "Go Fast" delako metodologia erabiltzen zuten droga banatzeko. Haxix kopuru handiak garraiatzen zituzten gama altuko eta zilindrada oso handiko autoetan (normalean lapurtutakoak). Horien aurretik beste auto bat joaten da aurrendari, segurtasuna handitzeko eta poliziaren kontrolak antzemateko. Atxilotuak epailearen esku geratu ziren larunbat goizean eta epaileak espetxeratzeko agindua eman du.