Hizkuntza-eskubideak errespetatzeko betebeharra "errealitatera ekarri beharra" dagoela esan dio Behatokiak Arartekoari

Behatokiko arduradunak Arartekoarekin
Foto: BEHATOKIA
Actualizado: viernes, 24 febrero 2012 13:05

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

   Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendaria eta Arantza Haranburu Behatokiko kidea Iñigo Lamarca Arartekoarekin batzartu dira ostiral honetan Donostian, hamar urteko txostenaren aurkezpenekin jarraituz, eta hizkuntza-eskubideak errespetatzeko betebeharra "errealitatera ekarri beharra" dagoela adierazi diote.

   "Euskal Autonomia Erkidego osoan da euskara berezko hizkuntza, eta status ofiziala hiru lurraldeetan esleitu eta legeak hizkuntza-eskubideak aitortu arren, horien bermerako mekanismo juridiko-administratibo eraginkorrik ez da abian jarri", esan du Garbiñe Petriatik Arartekoaren bulegoan egindako agerraldian.

   Erakundeak ofizialtasunak eragiten dituen ondorio juridikoak betetzetik "urrun" daudela esan dio Behatokiak Arartekoari, eta, are gehiago, eskubideen babeserako legeria betearazteko derrigortasunik ez egoteak, hizkuntza-eskubideen urraketak "betikotu" egiten dituela.

   Behatokiaren arabera, hamar urte hauetan, arlo batzuetan urtez urte hizkuntza-eskubideen urraketak errepikatu egin dira eta alor horiek "beltzune" izan dira hizkuntza-eskubideen bermeari dagokionean. Esaterako, osasun arloari dagokionez, "argi geratu da Osakidetzan egindako dekretuak eta planak herritarren eskubideak babesteko eta bermatzeko ez direla tresna eraginkorrak izan. Alor honi ez zaio behar bezainbeste garrantzia eman eta ondorioz, ez da behar beste aurreratu", esan du Behatokiko zuzendariak.

   Justiziaren arloa izan da beste beltzuneetako bat eta bertan, eskubideen urraketa sistematikoa dela esan du Petriatik, hizkuntza nagusia ia bakarra gaztelania baita. Herrizaingo Sailari dagokionez, "harremana euskaraz ez bermatzeaz gain, agenteen tratu zakarra eta nagusikeria izan dira gehien salatu diren jokabideak".

   Eremu sozioekonomikoan, 123/2008 dekretua aipatu du Behatokiak eta ildo horretan, borondatearen baitan uzten diren neurriek hizkuntza-eskubideen urraketa "betikotu eta sistematizatzeko arriskua" dutela esan du Patriatik.

NEURRI ERAGINKORRAK

   Ildo horretan, hizkuntza-eskubideak urratzen dituzten entitateei urte hauetan guztietan gabezia eta beltzuneak non diren helarazi zaien arren, urraketen aurrean "ez-ikusiarena edo egiten" jarraitu duela administrazioak esan du Petriatik. "Neurri eraginkorrak hartu ezean, nekez bermatu ahal izango dituzte EAEko agintariek herritarrak aitortuak dituzten hizkuntza-eskubideak", gaineratu du.

   Hamar urteotako datuak eskuan, Behatokiko zuzendariak esan du euskararen normalizazioari ez zaiola behar bezainbeste garrantzi eman eta ondorioz ez dela behar beste aurreratu. "Milaka erabilera-saiakera eragotzi da hamar urte hauetan. Euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta eta nabarmenak dira horretarako bidean sortzen diren ezintasunak", azaldu du.

   Hizkuntza-eskubideen zein legeen urraketen aurrean administrazioek izan duten jarrerari ere erreferentzia egin dio Petriatik: "hizkuntza-eskubideen eta legeen urraketak gertatu izanak ez du izan eraginik horien konponbiderako neurri edo mekanismoak abian jartzeko unean. EAEn naturalizatu egin da ordenamendu juridikoa ez betetzea".

   Euskarari aitortu zaion ofizialtasunari berme handiagoa eskaini eta orain arte baino baliabide eta bitarteko gehiago eskaini behar zaizkiola aldarrikatu du Behatokiak, eta hizkuntza-eskubideak errespetatzeko betebeharra "errealitatera ekarri beharra" dagoela esan du Garbiñe Petriatik.