Hizkuntzen industriarako ikerketa-gune bat sortzeko aukera aztertuko dute Gipuzkoako Diputazioak eta Elhuyar Fundazioak

Hizkuntzen industriarako ikerketa-gunea sortu nahi dute Gipuzkoako Diputazioak e
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA/ELHUYAR FUNDAZIOA
Actualizado: jueves, 7 abril 2011 19:01

DONOSTIA, 7 Abr. (EUROPA PRESS) -

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Jose Maria Rodriguez Elhuyar Fundazioko lehendakariak hitzarmen bat sinatu dute gaur Elhuyar Fundazioaren egoitzan, Usurbilen, hizkuntzen industriarako ikerketa-gune bat sortzeko bideragarritasuna aztertuko duen proiektu batean lankidetzan aritzeko.

Krisiaren aurkako 2011ko Planaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 150.000 euroko ekarpena egingo du Elhuyar Fundazioak azterketa hori egin dezan eta hizkuntzaren tratamenduan, besteak beste, ikerketa eta teknologien garapena sustatu ditzan.

Elhuyar Fundazioaren proiektuaren baitan hizkuntzen industriarako ikerketa-gunea sortzeko bideragarritasunaren analisia egingo da, bai eta gizartearen beharretan oinarritutako baliabide linguistiko aurreratuak garatzeko hausnarketa eta analisia ere, hizkuntzen industriaren sektorea indartzen lagunduko dutenak.

Halaber, Elhuyar Fundazioak informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gizartean txerta daitezen bultzatuko du, eta, bereziki, hizkuntzaren tratamendurako baliabide informatikoen alorrean ikerketa, garapena eta berrikuntza teknologikoa egitea eta sustatzea.

Elhuyar Fundazioak, jakintza zientifikoari eta euskararen normalkuntzaren sustapenari buruzko gaietan, Gipuzkoako gizartearekin eta euskal gizartearekin duen konpromisoa indartzeko eta hobetzeko azterketa kritikoa egingo du.

PROIEKTU "ESTRATEGIKOA"

Gipuzkoako Foru Aldundiak uste du proiektu hau "estrategikoa" dela lurraldearentzat, eta, zentzu horretan, Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu du "herrigintzako ekimen bat" dela, "giltzarria gure nortasunaren garapenerak". "Izan ere, euskararen sustapena, hizkuntzaren ikerkuntza eta berrikuntza biltzen ditu, bai eta nahitaezko internalizazioa ere", gaineratu du.

Elhuyar Fundazioaren lana singularra dela eta euskararen normalizazioan eta garapenean eragile sustatzaile gisa diharduela esan du Olanok. Horrela, hizkuntza-teknologien alorrean, I+G+B proiektu estrategikoen garapena eta sustapena ahalbidetzen ditu; ikerketaren emaitzen dibulgazioa eta hizkuntza-baliabide eta tresnen transferentzia eta merkaturatzea egiten du, nazioartean zein testuinguru eleaniztunetan hizkuntzaren garapena bultzatuz.

Bestalde, Jose Maria Rodriguez Elhuyar Fundazioaren presidenteak esan duenez, "zientzia herritarrei hurbiltzeko eta, halaber, euskararen garapena bultzatzeko, Elhuyar Fundazioa, gizartearekin elkarlanean aritzeko dinamika batetik abiatuta, itunak eta lankidetzak sustatzen, balio erantsiko zerbitzuak suspertzen eta berrikuntza bultzatzen ari da".

Elhuyar Fundazioak bere egitasmoa gizartean errotzeko hiru bazkide-multzo ditu: instituzioak, enpresak eta norbanakoak. Norbanako 400 bazkide horiek dira, hain zuzen ere, Elhuyarren proiektuari gizartean bermea ematen diotenak.

Globalizazioa, mugak pixkanaka desegitea, migrazioak gehitzea edo IKTen erabilera zabaltzea dira, Rodriguezen ustez "mundu mailako joerak, eta, Elhuyar Fundazioaren ibilbidea ikusita, hizkuntzen industriarako ikerketa-gune bat sortzeko bideragarritasuna aztertzea lagunduko digutenak".