"Hondar artean" egonaldi artistikoetarako artistak aukeratuta daude

Actualizado: martes, 4 agosto 2015 11:38

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

   Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak "Hondar artean" proiektua Mendebaldeko Saharan egingo diren erresidentzia artistikoekin abiaraziko du. Ekainaren hasieran ireki zen egonaldi horietan parte hartzeko izen emate epea eta dagoeneko aukeratu dira bi artistak: Ibon Salvador, koreografoa, eta Karlos Martinez, diziplinarteko artista.

   Donostia 2016ko ordezkariek jakinarazi dutenez, egonaldien lehendabiziko fasea urrian hasiko dute bi artistek, Saharara abiatuz. Bertan, artista bana izango dute zain: Nasra Sidi Azman, Saharako Arte Eskolako azken urteko ikaslea, eta Ahmed Omar, zinegilea. Helburu komun bat azaltzen da guztien artean: norberak daukana eskaintzea eta bestearengandik ahal den guztia jasotzea.

   Erresistentziak kontzeptua ardatz hartuta, bikoteka proiektu artistiko bana garatuko dute. Hondar Artean Bakearen itsasargiaren barruan dago txertatuta, eta Saharako egoera sozial eta politikoari heltzen dio munduan beste herrialde askotan bizi diren antzeko bidegabekeriak azaleratzeko. Bidegabekeria horien aurrean berebiziko garrantzia hartzen du erresistentzien irudiak, eta hori kontuan izanda garatuko du bere proiektua bikote bakoitzak. Azaroan, Mendebaldeko Saharako Arte eta Giza Eskubideen inguruko Nazioarteko Topaketan eman ahal izango dute egindako lanaren berri lau artistek.

   Ibon Salvador koreografoak deialdia ikusi eta Rabih Mroué artista libanoarraren testu bat bururatu zitzaiola dio: Gerrak markatutako gorputza. "Babeslekuaren inguruko hausnarketak plazaratzen ditu. Testu horretan gehien atsegin dudana da egoera larrietan eratzen diren gorputz jarrerak, mugimenduak eta pertsonen taldekatzeko erak deskribatzeko duen modua. Nire koreografia ikerketetan eta bizitzan komunitatea, elkarlana, politika eta gorputza funtsezko ildoak direnez, deialdiak bereziki ukitu ninduen. Interes berezia dut Saharako artista batekin eta herriarekin egoteko eta zer harreman, gorpuzkera eta koreografia sozial dauden entzun eta bizitzeko", adierazi zuen koreografoak.

   Karlos Martinezek Magrebko emakume ehuleen kooperatibekin lan egin du iragan urtean, eta horrek bereziki erakargarri egin du deialdia. Artistak azaldu duenez, "neste artista batekin lankidetza osatu behar izatea eta bi testuingurutan garatu behar izatea (Sahara-Euskadi) ere garrantzitsua da. Horrez gain, errefuxiatuen kanpamentuetako egunerokotasunean sartzeak, artea erresistentziarako tresna bezala nola erabil daitekeen ikertzeko bidea emango dit. Berezia izango da, besteak beste, lotura emozionala".

   Ahmed Omar zinegileak Kuban egin ditu ikasketak eta bereziki aberasgarritzat jo du aurrez aurre duten esperientzia, "bi kulturaren eta bi artistaren arteko sormenera bideratutako elkarrizketa lan bat bezala planteatzen delako. Bata bestearen herrialdera joateak gure historien esparrua zabaltzen lagunduko digu, bestearen begiek ikusten dutena baliatuz".

   Nasra Sidi Azmanek, bere aldetik, diziplina desberdinak jorratzen dituzten artistak ezagutzeko izango duen aukerari garrantzi handia ematen dio. "Haiengandik ikasi eta haiekin partekatzea dira nire helburuak, bai eta artearen bidez giza eskubideak nola defenda daitezkeen erakustea ere".

   Artistek lankidetzak proiektu honen baitan duen garrantzia nabarmendu dute, modu batean edo bestean. Proposamenaren ardatzetako bat hori izateak bestearengandik ahalik eta gehien jasotzeko eta ahalik eta gehien eskaintzeko aukera nabarmentzen dute.