HPC Knowledge Meeting superkonputazioari buruzko nazioarteko biltzarra ostegunean hasiko da, Donostian

DIPCren konputazio zentroa
DIPC
Actualizado: miércoles, 14 junio 2017 16:39

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

HPC Knowledge Meeting'17 superkonputazioaren inguruko nazioarteko biltzarra egingo da Donostiako Miramar jauregian ostegunean eta ostiralean, ekainaren 15ean 16an. Unibertsitateko eta ikerketa zentroetako adituek errendimendu handiko konputazioan (HPC) bildutako ezagupen eta estrategiak partekatuko dituzte enpresa nabarmenetako ordezkariekin, hala nola, IBM eta Lenovo enpresa teknologikokoekin eta Roche farmazeutikakoekin.

Biltzarra Donostia International Physics Center (DIPC) eta Materialen Fisika Zentroak (CFM CSIC - EHU) antolatu dute, HPCNow! Bartzelonako enpresarekin batera, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) uda ikastaroen baitan. Ekainean zehar, DIPCk beste bi biltzar zientifiko antolatu ditu EHUko udako egitarauan: lehenengoa Gainazalen Zientziari buruzkoa, eta bigarrena Kimika Konputazionalaren ingurukoa.

Antolatzaileek adierazi dutenez, sistema fisiko eta kimikoen konputazioa Euskal Herrian goraka ari den ikerketa alorra da. DIPC eta CFM ikerketa zentroek konputazio zentro bana dute, HPC sistemadun instalazio handiekin. Oinarrizko tresna horri esker, fisikari eta kimikari teorikoek nanoeskalako sistema konplexuen portaera simulatu eta aurreikusi dezakete.

HPC teknologiak beharrezko erreminta bilakatu dira ikerketa talde eta industriako sektore desberdinetan, esaterako, farmazeutikan, automobilgintzan edo bankan. Eskaintzen duten abantaila nabaria da, teknologia honi esker posible baita ordenagailu arruntekin hilabeteak beharko liratekeen problemak edo ebaztezinak direnak ebaztea. Gainera, azpiegitura hauen erabilera beharrezkoa da Cloud Computing, Deep Learning edo Big Data bezalako alor berrietan.

HPC Knowledge Meeting'17 topaketa nabarmena da mundu mailan, HPC teknologiako nazioarteko adituak bilduko baititu bi egunez. Biltzarra HPC sistemen administratzaileei dago bideratua, eta bertan, superkonputazioa eta bere gestioaren testuinguruan garatutako teknika, sistema eta berriztapenak aurkeztu eta eztabaidatuko dira. Biltzarraren antolatzaileak dira Iñigo Aldazabal eta Txomin Romero, CFM eta DIPCko Konputazio Zentroetako zuzendariak, hurrenez hurren, eta HPCNow! enpresako Jordi Blasco eta David Tur.

BESTE BI BILTZAR

Hurrengo astean, ekainaren 19tik 21era, Kristalografia eta Gainazalen Fisikari buruzko Europar Biltzarraren hamahirugarren edizioa ospatuko da, DIPCk antolatuta. Biltzarrean distantzia interatomikoetan jorratzen den gainazalen zientziari buruz arituko dira, hau da, materialen gainazalen egitura atomikoaren oinarrizko azterketan, eta honek erreakzio kimikoetan, argiari erantzunez, edo eta propietate magnetiko eta eroaleetan duen eraginean.

Material bidimentsionalak -atomo bateko lodiera duten materialak- aztertuko dira, eta horien artean grafenoa, zientzialari teoriko eta esperimentalen bilkura honetan. Batzorde antolatzailea Maria Blanco-Reyk (EHU), Aran Garcia-Lekuek (DIPC, Ikerbasque), Martina Corsok (CFM-CSIC-EHU) eta Celia Rogerok (CFM-CSIC-EHU) osatzen dute.

DIPCk hilabete honetan antolatutako programazioa amaitzeko, Nazioarteko Biofisika Teorikoko Biltzarraren (THEOBIO 2017) zortzigarren edizioa ospatuko da ekainaren 26tik 30era bitartean. Xabier Lopez (EHU, DIPC), Elixabete Rezabal (EHU), Elena Formoso (EHU), Jon Mujika (EHU, DIPC) eta Rafael Grande-Aztatzi (DIPC) ikerlariek antolatutako bilkura zientifiko honek sistema biokimiko eta biofisikoen konputazio bidezko simulazioa izango du ardatz, eta ikerketa alor honen abangoardian eginiko azkeneko aurrerapausoak aurkeztuko dira.