Ia 73.000 lagunek erabili zuten Metro Bilbao Gabon zahar gauean

Bilboko metroko erabiltzaileak
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 2 enero 2014 17:34

BILBO, 2 (EUROPA PRESS

   Metro Bilbaok zerbitzu berezia jarri zuen martxan joan den Gabon zahar gauean, mugikortasuna errazteko asmoz, eta goizaldeko 1:00etatik goizeko 11:00ak arte, guztira 74.420 lagunek hartu zuten metroa, hau da, 2012an baino %0,65 gehiago.

   Bidaiari gehien izan zituzten geltokiak Abando (5.578), Barakaldo (5.156), Indautxu (4.834), Alde Zaharra (4.509) eta Santutxu (3.822)izan ziren. Metroaren sareko ibilbide osoan, bi lineak batzen dituen ardatz nagusia izan zen erabiliena, eta guztira 35.123 bidaia txartel balioztatu ziren.

   Bigarren leku jendetsuena bigarren linea izan zen, 20.310 bidaiarekin. Linea horretan, Barakaldoko geltokia nabarmendu zen; gainera, bezero gehien izan dituzten geltokien ranking nagusian ere bigarren postuan kokatu zen. Santurtzi eta Gurutzeta izan ziren bigarren eta hirugarren Ezkerraldea zeharkatzen duen linean.

   Bukatzeko, lehenengo lineako zirkulazioan 16.987 bidaia zenbatu ziren guztira. Horretan, Areetako geltokia izan zen erabiliena, eta ondoren, Astrabudua eta Algorta.

   Halaber, bidaia gehien izan zituen ordu tartea 1:00etatik 3:00etara izan zen, 29.818 bidaiarekin, eta ondoren, 7:00etatik 9:00etara, 16.678 bidaiarekin.

   Ostiraletako (abenduak 13 eta 20) gaueko zerbitzuak 44.302 joan-etorri izan zituen, eta Gabon gaueko zerbitzu berezian 16.778 bidaia txartel balioztatu ziren (iaz baino %2,22 gehiago). Horrela, Gabonetako zerbitzu berezi guztietako bidaiak batuta, Metro Bilbaok 133.500 bidaia izan ditu.

ERREGEEN DESFILEA

   Bestalde, igandean, urtarrilaren 5ean, Errege Magoen ohiko desfilea ospatzen den egunean, Bilboko metroa goizaldeko 2:00ak arte ibiliko da, eta ostiraletako gaueko zerbitzu bera emango du, urtarrilaren 6ko jaiegunaren bezpera delako.

   Halaber, Metro Bilbaok 2014an trenen maiztasuna hobetuko du bere bezeroentzat, eta lanegunetan 10:00 eta 15:00 bitarteko trenen kopurua areagotuko du. Horrela, metropoli trenen enpresak bere eskaintza hobetuko du, eta herritarrak garraiatzeko beharretara hobeto egokitzen den zerbitzua indartuko du.