Iazko ikasle berdinak irabazi du aurten EHUn Olinpiada Matematikoa

Actualizado: miércoles, 10 febrero 2016 17:19

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Martin Ortiz Ramirez Bilboko Eskolapioak ikastetxeko ikasleak lortu du lehen saria, bigarren urtez jarraian, urtarrilaren 15ean Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean egin zen Olinpiada Matematikoaren fase autonomikoan. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 15 ikastetxetako 27 ikaslek (18 mutil eta 9 neska) hartu dute parte, EHUk jakinarazi duenez.

   Aurten, hirugarrenez parte hartu du Martin Ortizek Olinpiada Matematikoan. Duela bi urte, DBHko 3. maila ikasten zegoenean, bigarren sailkatu zen, eta iazko edizioan lehiaketa irabazi zuen. Batxilergoan matrikulatutako ikasleak aurkez daitezke Olinpiadara eta, salbuespen gisa, beren irakasleek bermatzen badituzte, baita DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak ere. Edizio honetan DBHko 4. mailako ikaslea den Roberto Villarejo Fernandez bigarren sailkatu da; Villarejok Bilboko Nuestra Señora del Carmen ikastetxean ikasten du. Hirugarren Loiuko Urdaneta ikastetxeko Jorge Laka Calzada izan da.

   Hiru irabazleok bigarren fasera (Estatu mailakora) igaroko dira, Bartzelonan, martxoaren 31tik apirilaren 3ra bitartean. Bigarren fase horretan urrezko domina lortzen dutenek talde olinpikoa osatuko dute Nazioarteko 57. Matematikako Olinpiadan lehiatzeko, uztailean, Hong Kongen. Era berean, Matematikako 31. Olinpiada Iberoamerikarrean parte hartzeko hautagaiak ere izango dira Estatuko fasean lehiatzen direnak; irailean Txilen izango da.