Ibai Leon bermeotarraren erakusketa ireki du Bilboko Rekalde aretoak irailaren 20a arte

Actualizado: miércoles, 22 julio 2015 13:50

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Rekalde aretoak Ibai Leon artista bermeotarraren erakusketa bat aurkezten du Kabinete Abstraktuan datorren irailaren 20a arte, Bizkaiko Foru Aldundiaren "barriek 2015" programaren barruan. Programa horren bidez, foru erakundeak sorkuntza artistikorako ematen dituen bekak jaso dituzten artista gazteen lanak ezagutarazi nahi dira. Aurten egin diren aurreko erakusketetan, Erika Ede, Laurita Siles, Ion Macareno eta Juana García-Pozuelo artistek erakutsi dituzte beren lanak Rekalde aretoan.

   Horrela, Ibai Leonen lanen gai nagusia pasaia da. Artistak hainbat lekutatik hartutako zatiak bildu ditu, eta ilustrazio digitalak pinturarekin eta bolumenean dauden formekin konbinatu ditu.

   "Paisaia aitzakia bat da edo aitzakia paisaia da. Irudiak agertzen dira esperientzia gertatzen den lekuan, eta harreman gunea sortzen dute aurkeztu nahi denaren eta aurkitzen denaren artean. Modu horretara, lanaren egitura funtzionala gailu bihurtzen da, markoa alegia, eta eginkizuna galtzen du itxuraren mesedetan", azaldu du artistak.

   Bere obra "proiektu irekia" dela adierazi du, eskulturaren eta ilustrazioaren arteko bide erdian, eta beti agertzen direla zura, pintura akrilikoa eta material sintetikoak. Bere hitzetan, "pieza bakoitzak aipatzen ditu inon ez diren lekuak, eta paisaia bakoitzak postal bat birsortu nahi du, alde egiteko nahikaria pop tonuan etenda".

   Ibai Leon (Bermeo, 1980) Arte Ederretako lizentziaduna da, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Diseinu grafikoaren teknikari laguntzailea eta ukitze digitaleko programak ere ikasi ditu. Banako bi erakusketa egin ditu: "INcomoda", Bermeon, 2005ean, eta "Gente corriente", Gasteizko Foru Agiritegian, 2010ean. "Landscapes" proiektuarekin erakusketak egin ditu hainbat herrialdetan (Espainia, Portugal, Mexiko), eta hainbat gune eta museotan (Guggenheim Bilbao eta Errioxako Wurth Museoa).

   Gaur egun Bilbon bizi eta lan egiten du, eta aldi berean daramatza bere arte proiektua eta Ätakontu denda eta proiektua; azken honekin Ego Mercedes Benz Fashion Week-en bi edizioetan (Madril) eta South 36-32N (Cádiz) jaialdian parte hartu du.