Idazketa solidarioa izango da eztabaidagai Bilboko "Eztabaidak Literaturarekin" zikloan otsailaren 25ean

Manuel Rivas idazle galiziarra
Foto: XERAIS
Actualizado: jueves, 20 febrero 2014 13:42

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

   Idazketa solidarioa izango dute hizpide Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Bidebarrieta Kulturgunean antolatzen duen "Eztabaidak Literaturarekin" ekimenaren zazpigarren edizioko bigarren topaketan, otsailaren 25ean, Manuel Rivas idazle galiziarrarekin eta Iñaki Valencia irakasle bilbotarrarekin. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrieta liburutegian, Bilbon.

   Antolatzaileek adierazi dutenz, Rivasek eta Valenciak elkartasunezko idazketari buruz hitz egingo dute, elkartasunaren balioekin lotutako kasuak, gertakariak eta egoerak kontatzeko orduan Manuel Rivas idazle galiziarrarengan eragin gehien izan duten egileei buruz, Vicente Ferrerren inguruan egin duen lanari eta harekin izan zituen loturei buruz, eta literaturak eta idazle eta kazetariak konpromiso eta elkartasun gehiago izango duen gizartearen bilaketan bete behar duten lanari buruz.

   Manuel Rivasek (A Coruña, 1957) 15 urte zituela aurkitu zuen kazetaritzaren mundua, 'El Ideal Gallego' egunkarian egin zuen lanari esker, eta gaztetan bere Galizia utzi eta Madrilera joan zen Informazioaren Zientziak ikastera.

   Kazetari gisa, konpromisoa erakutsi du beti gizartearekin eta ekologiarekin lotutako arazoen aurrean. Greenpeace erakundearen bazkide sortzaile izan zen, eta alor horretan burutu duen jarduerak garrantzi eta oihartzun handiagoa hartu zuen 'Prestige' itsasontzia urperatu zenean eta gertakari hark izan zituen ondorioen ondoren.

   Gaur egun, Galiziako literatura garaikidearen ahots garrantzitsuenetakoa da; hizkuntza oso ondo menderatzen duenez eta bere istorioek samurtasun handia erakusten dutenez, bere lanek gero eta zaletu gehiago dituzte mundu osoan.

   "Todo é silencio" (2010) lana Hammett sariaren finalista izan zen, polizia eleberri beltzen kategorian. Horrez gain, bere lanetako batzuk zinera eraman dira, hala nola "¿Qué me quieres amor?" eleberriaren barruan dagoen "La lengua de las mariposas" kontakizuna, Jose Luis Cuerdak zuzendua, edo Anton Reixak zuzendu zuen eta Goya Sarietarako aukeratua izan zen "El lápiz del carpintero".

   Bestalde, Iñaki Valencia (Bilbo, 1971) Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Lizentziatua da Deustuko Unibertsitate Komertzialean eta Nazioarteko Garapen eta Lankidetzan eta Nazioarteko Ekonomian eta Garapenean Diplomatua EHUn. Europa mailako truke (Comenius) eta ingurumen hezkuntza alorreko (Agenda XXI) egitasmo ugaritan hartu du parte.