Idazle, itzultzaile klasiko, eragile eta sustatzaileak, Bidegileak bildumaren sorta berrien protagonista

Bidegileak bildumaren sorta berriak aurkeztu dituzte
Foto: EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 27 noviembre 2014 17:02
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

   Idazleak, itzultzaile klasikoak, eragileak eta sustatzaileak dira Bidegileak bildumaren sorta berrien protagonistak. Zehazki, Jon Bilbao, Julio Caro Baroja, Jose Migel Azaola, Elias Amezaga, Gregorio Arrue, Antonio Uriarte, Emmanuel Intxauspe, Benito Larrakoetxea, Peli Lopez Presa, Xabier Gereño, Jose Antonio Arana Martixa eta Karmele Igartuari eskainitako liburuxkak aurkeztu dira gaur, azaroaren 27an.

   Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Bidegileak bildumako zuzendari Jerardo Elortzak eta plazaratu diren hiru karpeta berrien egileek 12 liburuki berrien aurkezpena egin dute Donostian. Oraingoan, 12 biografia berri aurkeztu dira (lau biografia karpeta bakoitzeko).

   Bidegileak bildumako 65., 66. eta 67. sortak osatu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Oraingoan, idazleek, itzultzaile klasikoek, sustatzaileek eta eragileek osatzen dute bilduma. Sorta edo karpeta bakoitzeko lau pertsonaiak bat datoz zenbait ezaugarriri dagokionez eta ongi uztartzen dira landu diren profilen barruan.

   Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatzen duen Bidegileak bildumaren bidez, euskalgintzan aitzindari izan diren pertsonak eta taldeak ezagutzera eman nahi dira. Bilduman azaltzen diren lagun batzuk oso ospetsuak dira; beste batzuk, ordea, ezezagunak gertatzen dira jendearentzat, baina guztiek euskararen alde lan itzela egin dute.

   Bilduma honen bidez, bidegile horien pentsaera, bizitza eta lana modu ulergarrian eta atseginean kaleratzen ahalegindu da. Hori lortzeko, besteak beste, eta argitalpenaren kalitatea ziurtatzeko, material grafiko ugari erabiltzeaz gain, testuen idazketa adituen esku utzi da. Hiru karpeta hauetan Jerardo Elortza izan da zuzendari eta koordinatzaile.

   Liburuxka berrien 2.300 ale inprimatu dira eta, paperean zabaltzeaz gain, www.euskara.euskadi.net helbidean paratuko dira kontsultagai, lehenago argitaratutako sortekin batera. Sorta hauen zabalpena, ohi den moduan, salmenta lekuen bitartez egiteaz gain, ikastetxe, euskaltegi eta herri liburutegietara gauzatuko da.