Ikasleen %59k D eredua aukeratu zuen 2009-2010 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan

Estudiantes
EP
Actualizado: lunes, 21 marzo 2011 12:06

BILBO, 21 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) araubide orokorreko ikasleen %59k D eredua aukeratu zuen 2009-2010 ikasturtean, %23 B ereduan aritu zen eta %18 A ereduan, euskara ikasgai gisa izanik, Eustatek gaur jakinarazi dituen datuen arabera.

Irakaskuntza mailen arabera, Haur Hezkuntzan izan zen D eredua aukeratu zuen ikaslerik gehien, guztien %71, hain zuzen. B eredua bigarren aukera izan zen eta %24k aukeratu zuen, eta %4k bakarrik ikasi zuen A ereduan.

Derrigorrezko hezkuntzaren barruan ere D eredua izan zen aukerarik hautatuena. Horrela, Lehen Hezkuntzan %62k eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) %54k aukeratu zuten. Gainerako ereduei dagokienez, lehen hezkuntzan B eredua guztien %29 izan zen eta A eredua %8. DBHn, aldiz, matrikulatutako ikasle kopurua %28 eta %17 izan zen, hurrenez hurren.

Hezkuntza Berezian, ikasleen %67k A ereduan ikasi zuen, %22k D ereduan eta %11k B ereduan. Lanbide Heziketan (LH) urtero igotzen da euskaraz ikasten duen ikasleen kopurua, baina oraindik A ereduan dago ikasle gehien: %74. Batxilergoan, ordea, A eta D ereduetako portzentajeak antzekoak izan ziren: %45 eta %53, hurrenez hurren.

Bestalde, 2009-2010 ikasturtean 394.727 ikaslek egin zuten EAEn unibertsitatez kanpoko araututako irakaskuntzaren bat, hau da, aurreko ikasturtean baino %3,4 gehiagok. Horietako 367.557 ikaslek (%93), araubide orokorreko ikasketak egin zituzten; kasu horretan 10.178 matrikula berri izan ziren (saldo positiboa), aurreko ikasturtean baino %2,8 gehiago. Lurraldeka, Araban igo zen gehien matrikulazio kopurua (%4,6), gero Gipuzkoan (%3,7) eta, azkenik, Bizkaian (%2,9).

Ikasketak zentro publiko edo pribatu batean egin ziren aztertuz gero, ikus daiteke Araubide Orokorreko Ikasketei dagokienez ikasleen kopurua orekatua izan zela maila guztietan, Helduen Hezkuntzan izan ezik, maila honetako ikasleen %99k zentro publikoa aukeratu baitzuen.

Halaber, Araubide Bereziko Ikasketetan (hizkuntzak, arteak eta kirolak) dibertsitate handiagoa eman zen. Izan ere, prestakuntza programa horren barruan zentro gutxiago dago eta, sarri, dagoen eskaintzaren arabera aukeratzen da zentro publiko edo pribatu batera joan.

Bestalde, araubide orokorreko ikasketetan aipatzekoa da Lanbide Heziketako matrikulen kopuruak izan duen igoera, bai erdi mailan (%8,2) eta bai goi mailan ere (%9,8); guztira 11.068 eta 16.579 ikasle izan ziren, hurrenez hurren. EAEko hiru lurraldeetan eman zen igoera, baina batez ere Araban, aurreko urtean baino %12 handiagoa izanik igoera. Ondoren Gipuzkoak izan zuen igoerarik handiena (%11) eta, azkenik, Bizkaiak (%7).

Haur eta lehen hezkuntza dira oraindik eskari handiena duten mailak, eta 92.800 eta 113.335 ikasle matrikulatu ziren maila horietan, hurrenez hurren. Alabaina, haur hezkuntzako ikasgeletan aurreko ikasturtean baino igoera txikiagoa eman zen: %1,7 bakarrik igo zen. Lehen hezkuntzan, aldiz, aurreko ikasturtearen antzeko igoera eman zen: %2,9. Hezkuntza bereziak beste ikasketa batzuek baino ikasle gutxiago du; hala ere, guztira 1.069 ikasle izan ziren, %3,5 gehiago.

Beste alde batetik, helduentzako hezkuntza ematen duten zentroetan araututako moduluetako edozein egin zuten 29.654 pertsonek %1,6ko igoera ekarri zuten.

Gainerako mailetan, hau da, DBHn eta Batxilergoan, ia ez da aldatu ikasle kopurua aurreko ikasturtearekin alderatuta; 69.464 eta 28.973 gaztek ikasi zuten maila horietan, hurrenez hurren. Azpimarratzekoa da, dena den, batxilergoan lehenengo aldiz lortu dela (bederatzi urte igaro ostean) urte horretan igoera positiboa (%0,5) eta DBHn bigarren aldiz (%0,6).

Ikasturte horretan 27.170 ikasle izan ziren Araubide Bereziko Ikasketetan, hau da, aurreko ikasturtean baino %12 gehiago. Hizkuntzetan 23.158 matrikula izan ziren, eta horrela, ikasketa hauetako ikasle kopurua handiena lortu zuten.

Gainerako ikasketei dagokienez, 2.946 gaztek musikari lotutako prestakuntza jaso zuten, 476 gaztek arte plastikoei eta diseinuari lotutako ikasketak egin zituzten, 316 gaztek kirolari lotutako prestakuntza jaso zuten, 182k diseinuari lotutako goi mailako ikasketak egin zituzten eta, azkenik, 92k dantzari lotutako ikasketak egin zituzten.

IRAKASLEAK

Bestalde, 2009-2010 ikasturtean irakasleEN kopurua 34.879raino igo zen, hau da, 2010. urtean lanean zeuden pertsonen %3,6 arlo horretan aritu zen. Irakasle horien %96 araubide orokorreko ikasketetan aritu zen eta gainerakoak araubide bereziko ikasketetan. Lantokiaren titulartasunari begira, irakasleen %62k ikastetxe publikoetan lan egin zuen, eta %38k ikastetxe pribatuetan.

Araubide orokorreko ikasketetan 33.670 irakasle izan ziren, aurreko urtean baino %2,5 gehiago. Irakasle horietako 16.327 haur eta lehen hezkuntzan aritu ziren eta gehienak emakumezkoak izan ziren (% 85). 15.500 irakasle bigarren hezkuntzan aritu ziren, derrigorrezkoan eta derrigorrezkoa ez den hezkuntzan, eta %58 emakumezkoak izan ziren.

Azkenik, 2009-2010 ikasturtean Araubide Bereziko Ikasketetan 1.209 irakasle aritu ziren ikasleak prestatzen, eta horien %53 emakumezkoak izan ziren.