Ikasleen ekintzaile konpetentziak sustatzeko europar proiektu batean ari dira Ikastolak eta Mondragon Unibertsitatea

Actualizado: viernes, 15 enero 2016 14:23

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

   Ikastolen Elkartea eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa YESict ikasleen ekintzaile konpetentziak sustatzea xede duen europar proiektuan parte hartzen ari dira. Zehazki, 10 eta 15 urte arteko ikasleengan ekintzaile konpetentziak garatzea du helburu Young Entrepreneurial Skills by ICT proiektuak.

   Europako Batzordeko Erasmus+ programak finantzatu du YESict. Proiektuaren bitartez, metodo didaktiko berritzaile bat diseinatuko da irakasleentzat, euren ikasleen ekintzaile konpetentziak sustatzeko erabili dezaten ikasgeletan.

   Ikastolen Elkarteko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariek adierazi dutenez, ekonomia krisiak agerian utzi du Europan hazkunde ekonomikoari, enpleguari eta gizarte ongizateari eusteko beharrezkoa dela ekintzailetasuna bultzatzea. Testuinguru horretan, premiazkoa ikusi da ikastetxeetan ere ekintzailetasuna eta harekin lotutako zenbait konpetentzia (sormenezkoak, arriskuak hartzekoak) garatzen lagunduko duten programak martxan jartzea.

   Erronka horri aurre egiteko helburuarekin, Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak indarrak batu dituzte eta europar mailako partzuergo bat eratu dute YESict proiektuan lan egiteko. Bi erakunde hauekin batera proiektuan jardungo dute Antic (Lapurdi), FH Joanneum Uni (Austria), Synthesis (Zipre), Nikosiako Unibertsitatea (Zipre) eta Vaeksthusthus Sjaelland (Danimarka) erakundeek. Partzuergo honek 2018ko abuztura arte jardungo du lanean.

   Ikastetxearen ingurunean ekintzailetasuna garatzea ahalbidetuko duten tresna digital sortzaileen diseinuan eta esperimentazioan kolaboratuko dute, zehazki, Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak.