Ikasleen Estatutua unibertsitateko kideen artean zabaltzeko informazio-jardunaldia egingo du EHUk astelehenean Donostian

Actualizado: viernes, 6 mayo 2011 19:53

DONOSTIA, 6 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikasleen Errektoreordetzak Unibertsitateko Ikasleen Estatutua zabaldu eta haren berri unibertsitateko kideei (ikasleei, irakasleei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei) emateko jardunaldiak antolatu ditu, eta Bizkaiko eta Arabako campusetan egin ondoren, datorren astelehenean Donostiako campusaren txanda izango da.

Jardunaldira bertaratzen direnek informazio osoa, eguneratua, zehatza eta praktikoa jaso ahalko dute, besteak beste, ikasleen eskubide eta betebeharrei, praktikei, mugikortasunari, ikasketen eta lanaren bateragarritasunari, bekei eta gobernantzari buruzkoak.

Ikasleen Estatutua era ludikoan ezagutzea da helburua, estatutu hori ikasleen eta unibertsitateen eskubide eta betebeharren aitorpen unibertsala izateaz gain, unibertsitateko politika diseinatzerakoan esku hartzeko tresna ere badelako, ikasleak subjektu aktibotzat hartzen dituen aldetik.

Modu honetan, Donostian datorren astelehenean egingo da informazio-jardunaldia, eguerdiko 12:30etatik aurrera, Ignacio Maria Barriola eraikinean (Auditorioa).

Ikasleen Estatutuak ikasleek unibertsitatearen eremuan dituzten eskubideak eta betebeharrak aitortzen ditu. Horrela, bada, unibertsitatean sartu aurreko orientazioa, tutoretzak eta kanpoko praktikak arautzen ditu; ebaluazio objektiboa eta ikasleen ordezkaritzarako bideak bermatzen ditu; ikasketak lanarekin bateratzea errazten du; kultura eta kirol jarduerak eta jarduera solidarioak jasotzen ditu; eta babes intelektualeko eskubideak babesten ditu.

Halaber, ezgaitasunen bat duten ikasleen aukera berdintasuna bermatzeaz gain, ikasleen parte hartzea errazteko bideak ere bermatzen ditu, ikasleek era aktiboan parte har dezaten eurei eragiten dieten erabakiak hartzerakoan eta unibertsitateko bizitzako alderdi guztietan.