Ikerbasqueko ikertzaileek 24 milioi euro baino gehiagoko funtsak erakartzea lortu zuten 2015ean

Actualizado: miércoles, 17 febrero 2016 13:27

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

   Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko mundu osotik erakarri dituen ikertzaileek 24 milioi euroko guztizko balioa duten funtsak lortu dituzte ikerketa proiektuetarako. 2007an eratu zenetik, Ikerbasqueko ikertzaileek 100 milio euro inguru ekarri dute Euskadira eta, 2015eko bukaeran, ikertzaile hauek zuzendutako ikerketa taldeetan 580 pertsona lanean zeuden.

   "Honela, lehiakortasunaren alorrean lortutako epe luzeko etekinarekin batera, frogatuta geratu da ikerkuntzan inbertitzeak berehalako itzulkinak lor ditzakeela sosetan Euskadirentzat", Ikerbasqueko arduradunek 2015eko balantzearen aurkezpenean Donostian adierazi dutenez.

   Aurkezpen horretan, besteak beste, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ere parte hartu dute, Eusko Jaurlaritza ordezkatuz.

   Zehazkiago, Ikerbasqueko ikertzaileek lortutako fondoen guztizko zenbatekoa 24.243.367 euro izan da. Kanpoko finantzaketaz baliatu ziren 342 proiekturen artean, 11k ERCren bekak lortu zituzten. ERC (European Research Council, Europako Ikerkuntza Kontseilua) da Europako erakunderik ospetsuena zientzia bikaintasunean oinarritutako proiektuen sustapenari dagokionez.

   2015. urtearen amaieran, Ikerbasquek kontratu mugagabea sinatua zuen 142 ikertzailerekin, eta, horien guztien artean, 837 artikulu argitaratu zituzten indexatutako argitalpenetan, hots, nazioarteko kualifikazio maila handiko hedabideetan.

   Joan den urtean lortutako emaitza hauen haritik, Ikerbasqueko arduradunek "segurtasun osoz" adierazi dute "Euskadi zientziaren arloko Europa mailako erreferentziatzat" sendotu dela. "Nazioartean ikerketa aurreratua duen eskualdea garela aitortzen dute, nazioarteko kategoria duten euskal ikerketa taldeen jardunaz eta nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko baldintza egokien laguntzaz", gaineratu dute.

   Ikerbasquek Euskadin ikerketa lanak egiteko erakarri dituen pertsonak 31 herrialdetakoak dira, gehienak zientzia esperimentalen eta matematikaren alorrekoak (%45). %17 gizarte zientzietako edo humanitateetako adituak dira, %14 teknologia alorrekoak eta %24 medikuntza eta bizitza zientzien alorrekoak.

   Jatorriari dagokionez, gehienak espainiarrak dira (104), baina badira italiarrak (18), alemanak (14), errusiarrak (8), britainiarrak (7), ukrainiarrak (4), AEBetakoak (5), kanadarrak (5) eta Europa, Amerika eta Asiako beste 23 herrialdetakoak ere. Gizonak dira nagusiki (%80), 45 urte inguruko batez besteko adinarekin. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorriak dira, besteak beste, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartetik.

HELBURUKO ZENTROA

   Helburuko zentroei dagokienez, Ikerbasqueko 88 ikertzaile unibertsitateetan (EHU, Deustu eta Mondragon) lan egiten hasi dira. Gainerako 113k ikerketa zentroetan lanean dihardute, unibertsitate munduari lotutako BERC (Basque Excellence Research Centre) bikaintasunezko bederatzi ikerketa zentroak tarteko direla.

   Gaur egun indarrean dauden BERC zentroak hurrengoak dira: Achucarro Basque Center for Neuroscience (Zamudio); Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures (Zamudio); Polymat Basque Center for Macromolecular Design & Engineering (Donostia); DIPC Donostia International Physics Center (Donostia); Materials Physics Center (Donostia); Bizkaiko Biofisika Fundazioa (Leioa); BC3 Basque Centre of Climate Change (Bilbo); BCAM Basque Center for Applied Mathematics (Bilbo); eta BCBL  Basque Center on Cognition, Brain and Language (Donostia).

   Ikerbasquek kontratatutako ikertzaileei harrera egiten dieten bederatzi bikaintasunezko zentro eta hiru unibertsitateei Ikerketa Korporatiboko Zentroak (IKZ) gehitu behar zaizkie: biomaGUNE (biomaterialeak), energiGUNE (energia), bioGUNE (biozientziak) eta nanoGUNE (nanozientzia), bai eta osasungintza alorreko Biodonostia eta Biocruces ikerketa zentroak, CEIT-IK4 ikerketa teknikoetarako zentroa, Tecnalia barne dauden ikerketa-zentroak, BioEf fundazioa (Osasun Sailaren menpekoa) eta Globernance (pentsamendu politikoaren ikerketa eta hedapen zentroa). Guztira, Euskadiko 23 unibertsitate eta ikerketa zentro profitatzen dira nazioarteko ikertzaileen erakarpenaz.

   Fundazioaren Ebaluazio Batzordea Euskal Zientzia Sistematik kanpo dago, eta 29 herrialdetako 200 ikertzailek osatzen dute, ospe handiko zazpi katedradun eta ikertzaileren koordinaziopean.

   Ikerbasque Eusko Jaurlaritzak abiarazitako ekimen baten emaitza da, duela zenbait urtez geroztik autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek zientzia ikerketaren alde egindako apustua sendotzea helburu duena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean jasota dagoen moduan. Euskadi I+G+B alorreko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin honetan, talentua erakartzea da Ikerbasqueren jardunaren oinarrizko ardatza.