Ikerketa, berrikuntza eta lankidetza dira Jaurlaritzaren "zutabeak" nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizunerako

Horizon 2020 jardunaldiaren irekiera
Foto: EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: viernes, 31 enero 2014 13:33

GASTEIZ, 31 (EUROPA PRESS)

   Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak adierazi du ikerketa, berrikuntza eta nazioarteko lankidetza direla Lakuako Gobernuaren "funtsezko zutabeak" nekazaritza elikagaien sektorearen etorkizunerako.

   Orozek hasi du Horizon 2020 jardunaldia gaur Gasteizen, non enpresa, teknologia zentro eta administrazio publikoetako ehundik gora aditu elkartu diren. Ekitaldiaren helburua da Horizon 2020 programa europarrak elikagaien segurtasun, nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta bioteknologiaren alorretan eskaintzen dituen erronka eta aukerak ezagutzera ematea. Programa horrek 78.600 milioi euro erabilgarri izango ditu datozen zazpi urteetarako.

   Topaketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak antolatu du, Elika Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak, CDTI Industriako Garapen Teknologikorako Zentroak, SPRIk eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak lagunduta.

   Horrela, Orozek berretsi duenez, berrikuntza, ikerketa eta nazioarteko lankidetza dira "funtsezko zutabeak" Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzaren jarduketa planean, "Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizunerako funtsezkoak dira eta".

   Lankidetzaren eremuan, Jaurlaritza berrikuntzaren aldeko eskualdeen sare espezifiko batzuetan presente dagoela azpimarrratu du, esaterako Erron edo Eriafen, bai eta mugaz gaindiko ekimen batzuetan ere, hala nola Arepon eta Euromontanan. Azken horretan, zehazki, Eusko Jaurlaritza da elkarteko burua.

   Berrikuntzari dagokionez, Orozen hitzetan, "Katilu ekimena dugu, lankidetza bidezko berrikuntza bultzatzen eta laguntzen duen tresna eta nekazaritzako elikagaien sektorearen eta landa eta itsas ingurunearen zerbitzura dagoena, erakundeek eta inguruneak duten ahalmen berritzailea sustatzeko".

   Horizon 2020 programak 2013ko abenduan ekin zion bere ibilbideari, bere lehen 11 deialdiak kaleratuta. Gasteizen egiten ari den jardunaldian bigarren erronka sozialaz ariko dira nagusiki, bioekonomiaren erronka ekonomikoei, ingurumenekoei eta sozialei helduko dieten ikerketa eta berrikuntza aukera berriak ustiatzeaz, alegia.

   Orozen hitzetan, erronka horien guztien artetik azpimarratzekoa da gero eta gehiago eskatzen dela elikagaiak seguru eta kalitatekoak izatea, modu iraunkorrean ekoiztea, animalien ongizatea zaintzea, baliabide berriztagarriak erabiltzea, energia aurreztea eta ingurumena errespetatzea.

HITZALDIAK

   Bittor Orozen aurkezpenaren ondoren, Jose Manuel Gonzalez Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasuneko Ministerioari atxikita dagoen CDTI Industriako Garapen Teknologikorako Zentroko kideak Europar Batzordearen ikerketa eta berrikuntzaren alorreko esparru programen gainean duen ezagutza zabalaren berri eman die bertaratutakoei, zehazki, Horizon 2020 programaren baitan elikagaien segurtasun, nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta bioteknologiaren alorretan planteatzen diren erronkak.

   Ondoren, Elika fundazioko kidea den Monica de Pradok eta Aztiko Begoña Perez Villarrealek hartu dute hitza. Lehenengoak Elikagaien Segurtasunaren alorrean EAEn dagoen ikerketa planak jasotzen duena azaldu du, eta bigarrenak, berriz, enpresa eta teknologia zentroaren arteko lankidetza kasu praktiko bat erakutsi du.

   Jardunaldiko berritasunetako bat "igogailuko diskurtsoa" izeneko topaketen antolaketa izan da. Topaketa horien helburua da minutu gutxitan lankide izan daitekeen bati enpresa edo ideia berritzaile bat aurkeztea, "igogailuan izan ohi diren elkarrizketa" bat izan balitz moduan. Kontua da denbora tarte txiki batean solaskidea konbentzitzen saiatzea, azalpenetan zuzena eta zehatza izanik eta gogotsu hitz eginda. Era berean, antolatzaileek CDTI erakundearekin bilera pribatuak egiteko aukera ere eskaini dute, proposamen zehatzak berraztertzeko.