IKTen bidez etxebizitzetan energia eta ura aurrezteko egitasmo europarreko taldeak pisu pilotuak bisitatu ditu Bilbon

Ice-Wish egitasmoaren lan taldea Bilboko Udaleko ordezkariekin
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 1 febrero 2013 13:06

BILBO, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen partaidetza duen Ice-Wish egitasmo europarreko taldea bi lan jardunaldi ari da burutzen Bizkaiko hiriburuan egun hauetan, Europa osoko gizarte-etxebizitzen egungo energia eta ur kontsumoetan %20 aurrezteko helburua duen egitasmoaren barruan.

Ice-Wish egitasmoa Europar Batasunak %50ean finantzatzen duen proiektua da, eta Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) erabilera sustatzen du, gizarte-etxebizitzetan energiaren eraginkortasuna eta kontsumoen aurrezpena bultzatzeko, egitasmo pilotuen bitartez, eta hiritarren partaidetzarekin.

Horrela, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, ostiral honetan, Eduardo Maiz Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza eta Etxebizitza zinegotziak eta Juan Felix Madariaga Giza Baliabideen zinegotzi eta Etxebizitza zinegotziaren ondokoak ostegunetik Udal Etxebizitzak erakundearen egoitzan burutzen den lan bileran hartu dute parte.

Ice-Wish egitasmoa 300 gizarte-etxebizitzen urtebeteko jarraipena egiten ari da, Europako hamar herrialdetan, energia eta ur kontsumoa murrizten lagundu dezaketen IKT soluzio erabilerrazei eta ekonomikoei buruzko informazioa jasotzeko eta horiek alderatzeko. Bilboren kasuan, Atxurin eta Torre Urizarren dauden Udal Etxebizitzak erakundeko 30 errentariz osatutako bi talderekin ari dira lanean.

IKT horien bitartez, etxeetako telebista pantailetan eguneko, asteko eta hileko kontsumoak ikusi ahal izango dira, denbora errealean eta era errazean, horrela, gizarte-etxebizitzetako energiari buruz informazioa lortzeko, horren inguruan sentsibilizatzeko eta erabilera eragingarriagoa eta jasangarriagoa eskuratzeko, errentarien bizitza kalitatean eta ongizatean inolako eragin kaltegarririk gabe. Bilbon egindako egonaldian, talde teknikoak tokian tokiko bisitak egin ditu, teknologia ezarri den etxebizitzak ikuskatzeko. Aurrerapenak ebaluatu eta errentariekin bildu dira.

Europar Batasuneko Informazio eta Komunikazio politika Teknologikoak laguntzeko programaren barruan dagoen Ice-Wish egitasmoa, 2011ko apirilean onetsi zuen Europar Batzordeak. Bilboko Udal Etxebizitzak erakundea egitasmo horretako kide da, beste hemezortzi bazkide dituen nazioarteko partzuergoaren barruan.

Bazkideak Italiatik, Belgikatik, Bulgariatik, Alemaniatik, Greziatik, Britainia Handitik, Poloniatik, Herbehereetatik, Frantziatik eta Danimarkatik datoz, eta horien artean azpimarragarriak dira Europar Batasuneko herrialdeetako gizarte etxebizitza enpresak, unibertsitateak, estudioak eta UPL edo Philips bezalako etxeak. Egitasmoaren aurrekontu osoa hiru milioi euro da. Helburua, egitasmoaren emaitzak Europa osoko beste herrialde batzuetara eraman ahal izatea da.