Ikus-entzunezko emanaldi batek inauguratuko du Bilboko "BLV-ART" programaren edizio berria urriaren 6an

"Primordiales" lanarekin hasiko da "BLV-ART" programa
Bilboko Udala
Actualizado: martes, 27 septiembre 2011 15:04

BILBO, 27 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala kaleak abangoardiako jarduerez eta adierazpenez beteko dira berriro ere Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak inguruko zenbait kultur eragilerekin elkarlanean antolatutako "BLV-ART" programaren edizio berriarekin. Programa, auzo horien garapenerako eta berriztapenerako kulturaren aldeko apustua egiten duen Plan Bereziaren barruan dago.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "Primordiales" izenburuko gaueko ikus-entzunezko emanaldiak inauguratuko du egitasmoa urriaren 6an, Mariaren Bihotza plazan, 20:00etan hasita. Obrak, eszenografia garaikidea, musika zuzenean eta bideo-artea bateratzen ditu. Jonathan Garcia, Terri Florido "kakofunk" eta David "la baldosa flotante" artistak dira obraren egileak.

'Primordialak' egungo garaiaren aurreko eta ondorengo garai bateko izakiak dira, eta ikus-entzulearen aurrean forma mistikoa erakusten dute, komunikazio ekintza bat burutzeko, erritual tekno-txamaniko gisa. Bertan eszenografia, bideo-emanaldiak eta zuzeneko musika eskainiko dituzte lanaren sortzaile diren hiru artistek.

Ikuskizunak 50 minutuko iraupena izango du, eta berau osatzeko, txamanen estetikan inspiratutako jantziak eta musika tresna itxura hartuko duten birziklatutako altzariak izango ditu.

Zinea eta performanceak kalean, tatuaje saio bat zuzenean, umeentzako tailerrak eta inguruan sortu diren erakusketa-gune berrietara egingo diren "Arty walks-Arte Zirkuitoa" bisita gidatuak izango dira urriaren 15era arte luzatuko den programa osatuko duten ekitaldiak.

Musika, urriaren 8an Bilborock aretoan arituko den El Columpio Asesino bandak ekarriko du. Horrez gain, programa amaitzean, hirian izandako esku-hartzearen aztarna geratuko da, Pariseko Eltono artistak egingo duen horma-irudiaren bitartez. Artista horren lana urriaren 7an erakutsiko da, Urazurrutia kaleko higiezin bateko fatxadan.

BLV-ART ekimenaren helburua, inguru horren kultur espezializazioa lortzea da, bertako biztanleen beharrei erantzuteko baina, batez ere, auzo horiek erakargarriak izan daitezen hiriko biztanle guztien begien aurrean, kultur erdigune bilakatuz, bertan, musikarekin, arte plastikoekin, zinearekin edo modarekin erlazionatutako sorkuntza mota berriak sortzen ari baitira.

Horrela, programak balioa eman nahi dio auzoari, eta hiriko gainerako lekuekin duen komunikazioa sustatu nahi du, gune horretan sortutako kultur proposamenak ezagutaraziko dituzten zenbait jarduera eskainiz eta bertako kaleen zaharberritze prozesuan betetzen duten lana erakutsiz.

Berrikuntza gisa, edizio honen barruan, arte eszeniko garaikideei eskainitako ziklo bat sartzen da. Arte eszeniko horiek aire zabalean aurkeztuko dira ikus-entzuleen aurrean, Urazurrutia kalean eta Mariaren Bihotzaren Plazan. "Performart" izenburupean, Fausto Grossi, Beatriz Silva eta Ramon Churruca artistek beren azken proposamenak aurkeztuko dituzte ikus-entzuleen aurrean.