Iñaki San Martin argazkilariaren "Apur batean soka dantza" erakusketa inauguratuko da gaur Gernika-Lumon

Soka Dantzaren argazki bar
IÑAKI SAN MARTIN/EUSKAL HERRIA MUSEOA
Actualizado: miércoles, 9 noviembre 2011 11:38

BILBO, 9 Nov. (EUROPA PRESS) -

Iñaki San Martin argazkilari gipuzkoarraren "Apur batean soka dantza" erakusketa inauguratuko da gaur, azaroaren 9an, arratsaldeko 19:30ean, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Euskal Herria Museoan. Erakusketa 2012ko urtarrilaren 15era arte egongo da ikusgai, eta Soka Dantzaren irudiak biltzen dituen kolorezko 43 argazkik osatzen dute.

Soka Dantza, dantzariek euren eskuak elkartuta soka edo kate bat eratuz egiten duten dantza da; soka hau, zirkulo ireki eran zabaltzen da eta muturretako dantzariek zuzentzen dute -aurrendari eta atzeskuak-, museo gernikarreko arduradunek azaldu dutenez.

Dantza mota honi buruz dauden datu zaharrenak 1877. urte ingurukoak dira, eta herriaren, dantzari kopuruaren zein ospakizunaren arabera, modu desberdinetan interpretatzen da, beti ere, oinarrizko koreografia eta ohiko elementuak errespetatuz. Erakusketa honetarako, Elgoibarren abuztuaren 24ero, San Bartolome egunean, plazan dantzatzen den Soka Dantza aukeratu da. 2011ra arte, 77 aldiz jarraian jantzi izan da plaza hau Soka Dantzarekin.

Iñaki San Martinek, zinemagintzaren alorrean trebatua izanik, betidanik sentitu izan du argazkigintza teknikekiko erakarpena. 1989an, "Fotografia Soarte" eratu eta gaur egun bere erakusketaren unibertsoa osatzen duten argazkiak sortzen hasi da. Argazkilari gipuzkoarrarentzat, sormena eta obraren kontzepzioa izan dira dudarik gabe erakusketan ikusiko diren argazkien osaketan zatirik garrantzitsuena.

Bere hitzetan, "emakume eta gizon horiek, dantzariak eta txistulariak dira eguneroko lanarekin gure kultura bizirik mantentzen dutenak", lanaren benetako egileak alegia.

Materialei dagokienean, argazkigintza pinturarekin lotzeko asmoz, oinarrizkoenetatik hasi eta teknika digital sofistikatuenetaraino erabili ditu Iñaki San Martinek. Erakusketak Soka Dantza tradizionala teknika bisual modernoen bidez ezagutzeko aukera ematen du, euskal kulturako elementu hau begirada berezi batez erakutsiz.