Independentziaren kontrako jarrera %32 eta aldekoa %21 ziren urrian EAEn

Actualizado: viernes, 27 noviembre 2015 12:11

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) apirilaren %11tik urriko %17ra gehitu dira independentziarekiko duten jarreran ez dakitenak edo erantzunik eman ez dutenak. Independentziaren aldeko jarrera apirileko %25etik urriko %21era jaitsi da, eta mantendu egin dira kontrako jarrera (%32) eta egoeraren arabera alde edo kontra egongo liratekeena (%31), Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen 59. Soziometroaren arabera.

   Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendu da, eta EAE osoko 2.520 laguni aurrez aurre egindako elkarrizketekin osatu da. Informazio bilketa urriaren 13tik 19ra egin zen, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak jakinarazi duenez.

   Euskal buruzagi politikoen balorazioari dagokionez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria da 5 puntuko baloraziora iritsi den bakarra, 0tik 10erako eskalan (5,0), eta ondoren daude EAJko Andoni Ortuzar (4,5), EH Bilduko Hasier Arraiz (4,2), PSE-EEko Idoia Mendia (3,7), PPko Arantza Quiroga (3,1) eta UPyDko Gorka Maneiro (2,1).

   Ildo honetan, ikerketaren egileek Arantza Quirogaren "hobekuntza nabarmena" azpimarratu dute, apiriletik urrira 0,7 puntu hobetu eta 3,1era iritsi baita. Ikerketaren landa lana EAEko PPko buru bezala dimisioa aurkeztu zuen garaian egin zen.

   Azkenik, Espainiako Estatuko buruzagi politikoen artean, baloraziorik onena Podemoseko Pablo Iglesiasek dauka (3,9), eta ondoren datoz IUko Alberto Garzón (3,6), Ciudadanoseko Albert Rivera (3,2), PSOEko Pedro Sánchez (3,1) eta, azkenik, PPko Mariano Rajoy (1,6).