Industria diseinuko enpleguaren etorkizuneko erronkei buruzko jardunaldia egingo du Mondragon Unibertsitateak Bilbon

Actualizado: lunes, 4 mayo 2015 12:37

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Mondragon Unibertsitateak industria diseinuari eta horren enplegu aukerei buruzko jardunaldia egingo du Bilbon maiatzaren 22an, "Diseinuari loturiko lanbide aukera berriak: XXI. mendeko erakundeetarako enpleguak" izenburupean. Etorkizuneko enpleguari buruz eta industria diseinuaren konpetentzia teknikoen eta sortzaileen ahalmenari buruz gogoeta egitea da helburua.

   Horretarako, Mondragon Unibertsitateak jakinarazi duenez, akademia munduaren eta enpresa eremuaren arteko elkarrizketa sortuko da, etorkizuneko enpresarako lanbide berriei buruz hitz egiteko eta diseinuaren dimentsio bikoitza -teknikoa eta sortzailea- erakusteko, baita enpresan egiteko berriak garatzeko duen ahalmena erakusteko ere.

   Jardunaldia maiatzaren 22an egingo da, Bilbao Berrikuntza Faktorian, eta hainbat enpresatako adituak biulduko ditu, hala nola Velatia, Bellota Herramientas eta Telefónica konpainietakoak. Beren esperientziei buruz hitz egingo dute, baita profesionalak erakartzeko eta prestatzeko orduan dituzten beharrei buruz ere. Gainera, jardunaldian industria diseinuko aditurik handienetako batek hartuko du parte, Nathan Shedroff estatubatuarrak, hain zuzen, eta diseinuaren aukera berriei buruz mintzatuko da.

   Topaketa BEAZeko zuzendari eta Bilbao-Bizkaia Design & Creative Councileko idazkari Juan Diegok eta Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile eta Design Konferentziak ekimeneko koordinatzaile Elisabeth Urrutiak aurkeztuko dute. Jarraian, Velatia Taldeko garapen korporatiboko zuzendari nagusi Joseba Jayok "Etorkizuneko enplegu erronkak" gaiari buruz hitz egingo die bertaratuei.

   Bellotako merkataritzako eta marketineko arduradun Rafael Oliver, bestalde, "Industria Diseinua lehiatzeko tresna errentagarria" gaiaz mintzatuko da, eta ondoren, "Ezer ez dakigunean" izenburupean, hitzaldia eskainiko dute Telefónicako Rafael Rebolledak eta Quino Terceñok.

   Nathan Shedroff aholkulariak "Diseinuaren aukera berriak" hitzaldia eskainiko du. Shedroff esperientzien diseinuko ikertzaile aitzindaria eta itzal handikoa da; nazioarteko mintegi eta konferentzietan hitz egin du, makina bat artikulu eta testu idatzi ditu "Experience Desing" arloari buruz eta "Making Meaning" lanaren egilekidea da. Gaur egun, estrategia diseinuko MBAren zuzendaria da California College of Arts-en, baita master horren sortzailea ere.

   Gainera, Praxis XXIeko zuzendari Laurent Ogelek "Talde sortzaile baten konpetentziak eta trebetasunak" gaiari buruz hitz egingo du, eta Mondragon Unibertsitateko irakasle ikertzaile Nestor Aranak "Problemetan eta proiektuetan oinarrituriko ikaskuntzako ereduak" hitzaldia eskainiko du. Azken mintzaldia Jon Rodríguez Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinuko masterreko ikasle ohi eta egun Philipseko diseinu estrategikoko aholkulariak emango du. Amairea instituzionalaz Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa arduratuko da.

LANTEGI PRAKTIKOAK

   Goizeko hitzaldien ostean, arratsaldean lantegi praktikoak egingo dira, Mondragon Unibertsitate Diseinu Estrategikoko masterreko talde akademikoak koordinatuta. Lantegi horiek "Zerbitzuak diseinatzean erabiltzailearen esperientziak duen garrantzia" landuko dute. Parte hartzaileek bezeroan oinarrituriko zerbitzuak nola sortu ikasiko dute.

   Jardunaldia, ingeniaritzan, industria diseinuan, marketinean, arkitekturan, enpresen administrazioan, ekintzailetzan eta abarrean titulua jaso berri dutenei eta etorkizuneko lanbideei eta egungo lan merkatuaren egoerara egokitzeko moduari buruz gogoeta egin nahi dutenei zuzenduta dago.

   Mondragon Unibertsitateak industria diseinuari loturiko gaien inguruko prestakuntza, ikerketa eta transferentzia sustatzearen aldeko apustua egin du Bilboko bere egoitza berrian, Bilbao Berrikuntza Faktorian, hain zuzen. Horretarako, Diseinu Estrategikoko Unibertsitate masterra jarriko du martxan irailean.

   Masterraren helburua produktu eta zerbitzu berriak sortzeko gai izango diren profesional berriak prestatzea da. Masterrak merkatua, teknologia eta negozioa uztartzen dituen ikuspegia sustatzen du produktu eta zerbitzu berriak kontzeptualizatzeko orduan, eta industriako nahiz zerbitzuetako enpresetan jartzen du arreta.