Industriarako 3D inprimaketako makina bat aurkeztu dute Ibarmiak, EHUk eta Tecnaliak

Actualizado: miércoles, 4 noviembre 2015 13:50

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

   Ibarmia makina-erremintaren euskal fabrikatzaileak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Tecnalia ikerketa zentroa industriarentzat 3D "inprimaketa" bidezko fabrikazioa eta doitasunezko mekanizazioa uztartzen dituen Espainiako Estatuko lehen makina sortu dute elkarlanean.

   Donostian aurkeztu dute, asteazken honetan, Koldo Arandia Ibarmiako zuzendari nagusiak, Amaia Maseda EHUko Hedakuntza eta Transferentziako errektoreordeak eta Iñaki San Sebastian Tecnaliako zuzendari nagusiaren ondokoak. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua ere bertan izan da.

   Aurkezpenean azaldu dutenez, Add+Process izena du makinak, eta industria "goitik behera" alda dezake, oraindik ezagutzen ez diren aukerak zabalduko baititu diseinuaren eta fabrikazioaren alorretan. Potentzial eta ibilbide handiko teknologia da, "zerotik hasita pieza bukatu bat lortzen duen ekoizpen zentro autonomo bihurtzen baita makina". Dimentsio handiko prototipoak eta piezak fabrikatu ditzake -1,6 metroko luzerainokoak-, baita, adibidez, automobilgintza, aeronautika, oil&gas eta makina-erremintaren sektoreetan balio handia duten piezak konpondu ere.

   Horretarako, laser bidez gehitzeko teknologiak erabiltzen ditu, eta piezak eskala handian fresatu eta torneatu ere egin ditzake. Materiala eskala mikrometrikoan manipulatzen du, eta doitasunez jalkitzen, solido bat eraiki arte. Hala, material bloke batetik abiatuta nahi den pieza lortu arte mekanizazio intentsibo bidez soberako material guztia kentzen duten prozesu tradizionalen ordez erabil daiteke.

   Ohiko teknologiekin alderatuta, oso material gutxi erabiltzen da gehikuntzako teknologian, eta, horren ondorioz, materialetan eta energian aurrezten da, batzuetan, %60raino. Gainera, materiala mikroeskalan manipulatuta, gainditu egin daitezke ohiko fabrikazioak gaur egun diseinuan ezartzen dituen mugak; hala, orain arte fabrikatu ezin ziren geometria, testura eta xehetasunak dituzten piezak fabrikatu daitezke. Horrez gain, teknologia hori aurrerapen handia da, adibidez, segurtasuna kritikoa den sektoreetan pieza jakin batzuk sortzeko -aeronautikan, besteak beste-.

LANKIDETZA EREDUA

   Aurkezpenean nabarmendu dute garapen honek "argi" erakusten duela zer apustu egin duten proiektuan parte hartu duten hiru erakundeek "Euskadiko RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiaren lehentasunen alde, fabrikazio aurreratuaren alde, kasu honetan". Horrez gain, proiektuak balio du erakusteko zer onura dituen ezagutzaren, teknologiaren eta enpresa alorreko eragileen arteko lankidetzak. Hain zuzen, lankidetza horri esker dago makina hau dagoeneko merkatuan, eta horri esker lortu du Ibarmia ETEak erreminta hori bederatzi hilabeteko epe laburrean egitea.

   Add+Process makina EMO azokan aurkeztu zen, Milanen, eta arrakasta handia izan zuen. Orain, enpresen eskura egongo da Tecnaliaren instalazioetan, Donostiako Parke Teknologikoan, bertatik bertara egiaztatzeko zer aplikazio izan ditzakeen sektore industrialetan. Horrez gain, aukera emango du gehikuntzako fabrikazio prozesuak hobetzearekin, materialen portaera aztertzearekin eta aplikazio berriak garatzearekin lotutako I+G+Bko zereginekin jarraitzeko.

   Garapen proiektuak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du, SPRIk kudeatzen duen Basque Industry 4.0 programaren bidez, eta Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasuneko Ministerioarena, 2015eko Lankidetza Erronkak programaren bidez.