Industriaren erronkak matematiken bidez konpontzeko aukerak aztertuko dituzte zientzialariek eta enpresek EHUn

Actualizado: lunes, 6 junio 2011 14:42

BILBO, 6 Jun. (EUROPA PRESS) -

Zientzialariek eta enpresek industriaren erronkak matematiken bidez konpontzeko aukerak aztertuko dituzte gaur eta bihar Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan (Leioako campusa) ospatuko den "Problema multifisikoak, eskala anitzeko problemak eta optimizazio problemak" izenburuko workshop-an.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, euskal enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitatearen arteko eztabaida foroa izango da, eta industriaren eta zientzialarien arteko sinergiak garatzea, hiru eragile horien arteko harremanak eta ezagutza sustatzea, eta ingeniaritzan sortutako problemak ahalik eta kostu txikienekin konpontzeko aplikazio matematikoak proposatzea bilatuko ditu.

Topaketa hau EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Sailak antolatu du eta bi egunetan egingo da, ikastegiko Paraninfoan, Leioako campusean. Workshop-ean, matematikariez gain, fisikariek eta kimikariek, enpresek eta esparru honetako zentro teknologiko garrantzitsuenek hartuko dute parte.

Hain zuzen ere, honako zentro hauek izango dira workshop-ean: Tecnalia, ESS Bilbao, Baltogar, Sener, EDE Ingenieros, Biobasque, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Saudi Arabiako Unibertsitatea eta Pauko Unibertsitatea (Frantzia). Guztira, 70 pertsonak parte hartuko dute.

Ekitaldiaren zati batean, gonbidatu bakoitzak problema zientifiko zehatz bat aurkeztuko du eta, ondoren, ekitaldira bertaratutakoek problema hori aztertu ahal izango dute. Bestalde, mahai-inguru bat egingo da, eta parte-hartzaileek enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen arteko lankidetza formula berriak bilatuko dituzte. Orobat, esparru honetako ikertzaile gazteei lan eskaintzak egiteko ekimen bat ere jarriko da martxan. Aurten bigarren aldiz egingo da workshop hau; iazkoak Tecnaliaren eta EHUren arteko lankidetzari bidea eman zion.

Ekitaldiaren antolatzaileak NUMEMA taldeko kideak diren Mikel Lezaun, Javier del Ser eta Carlos Gorria eta Ikerbasqueko ikertzaile David Pardo izan dira. Azken honen arabera, matematika "oso lagungarria" da zenbakizko simulazioaren eta simulazio logistikoaren esparruetan.

"Zenbakizko simulazioak ingeniaritza problemak simulatzea ahalbidetzen du: esaterako, espalazio bidezko neutroi iturriko prozesu fisikoak aztertzea, minbiziaren bilakaera behatzea edo zubi bat eroriko den edo ez kalkulatzea. Logistikaren esparruan, taldeak Eroskiren banaketa logistika, stock-en mantentze lanak edo Bilboko metroko langileen txanden eta ordutegien zehaztapena aztertu ditu", azaldu du.